GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Saioa Iraola Leitzako Bilgune Feminista

Sarriopapel y Celulosa S.A emakumeon eskubideen urratzaile

Emakumeak kontratatu zituzten azken aldia 1976. urtea izan zen. Geroztik, prest egon arren, ez digute aukerarik eman, eta egun ere ez digute ematen

Sarriopapel y Celulosa S.A lantegia Leitza eta inguruetako familia askoren ekonomiaren oinarri da, edo famili hauetako subjektu konkretu batzuena: aita eta semea. Emakumeak non gaude? Egun, inposaturiko gizarte patriarkalak sexuen araberako lan banaketa du oinarri. Eta Sarriopapel y Celulosa S.A lantegiak sistemak ezarririko eredu hori sostengatzen du.

Ondoren emango ditudan datuek argi erakusten dute zein den, auzi honi dagokionez, lantegi horren egoera.

Eskulanari dagokionez, 38 emakume eta 267 gizonezko daude lantegian, eta emakumeak kontratatu zituzten azkeneko aldia 1976. urtea izan zen. Geroztik, eta emakumeok bertan lan egiteko prest egon arren, ez digute aukerarik eman eta egun ere ez digute ematen.

Uda hasia den honetan, urtero legez, lantegiaren lan-eskaera igo egiten da, batez ere eskulanerako. Teorian, hau, sekulako aukera litzateke herriko gazteentzat. Baina zoritxarrez teoria hutsean geratzen da. Errealitatea oso bestelakoa da. Gizonak kontratatuko dituzte, azken 32 urteotan bezala, emakumeok itxaron-zerrendetan jarraitu beharko dugu beste behin ere.

Pertsona ororen eskubidea da lan duin baterako sarbidea; gizonezkoek zein emakumezkoek aukera berak izatea. Eta ez dugu soilik guk esaten. Horrela dio Sarriopapel y Celulosa S.A enpresaren lan-hitzarmen kolektiboak berak ere 32. artikuluan, «Berdintasuna eta diskriminaziorik eza» izenburupean: «Enpresa barruan langileak ezin izango dira diskriminatu ideologia, erlijio, arraza, afiliazio politiko-sindikal eta abarrengatik. Enpresako lanpostu guztietarako sarbide berdintasunaren printzipioa errespetatuko da, nola gizonezkoentzat hala emakumezkoentzat, inolako diskriminaziorik egin gabe. Lanposturen bat betetzeko deialdiren bat gertatzen denean, sexu egoeraren erabateko abstrakzioa egingo da, eskatutako gaitasun profesionalari besterik ez zaio begiratuko».

Arestian aipaturiko datuek, ordea, sinesgarritasun osoa kentzen diete. Gainera, ez dugu ahaztu behar, ETT bitartez kontrataturiko langile guztiak ere gizonezkoak direla; uda honetan 22 gizonezko.

Neurri eta jokaera hauek herriko eta inguruetako emakumeen askatasun ekonomikoa baldintzatu dute urte luzeetan eta egun ere modu berean dihardute.

Ezin dugu ahaztu errealitate honek emakumeon egoera ekonomikoari eragiteaz gain gure egoera pertsonalean eragin zuzena duela. Gauzak horrela, askatasun ekonomikoa urratua izanik, askatasun indibiduala ere guztiz mugatua dugu emakume gazte zein helduek.

Urteetan zehar lantegiko arduradunek emakumeon presentziari uko egin dioten arren aurrera jo behar dugu. Herriko zein inguruetako emakumeok lantegirako sarbidea eduki dezagun borrokatu behar dugu. Zerrendetan gure izena idatzi eta gure eskubideen alde kalera irteteko garaia da.

Egoera honen erantzulea Sarriopapel y Celulosa S.A da, baina egoera hau salatzea denoi dagokigu, herriari. Bazterketari ezetz esateko garaia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo