GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Egun handiarekin amaituko dituzte Trintxerpeko jaiak

Astebete jai giroan eman ostean gaur amaituko dira Trintxerpeko Karmen jaiak. Dianarekin hasiko dute eguna goizean goiz eta Karmengo Amaren omeneko meza izango da eguerdian. Arratsaldean berriz, mus txapelketa eta erraldoi eta buruhandiak izango dira. Festetan izan diren danborradetan bosgarrena ere, Marinelen danborrada, irtengo da.

85365939.jpg

GARA|

Gaur emango diete amaiera trintxerpearrek 2008ko Karmengo jaiei. Urtebetez zain egon ondoren, iritsi orduko amaitu dira Trintxerpeko jaiak. Uztailaren 8tik etxeko txikientzat nahiz helduagoentzat prestatutako jai egitarau bete-beteaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek eta bertara inguratu diren guztiek.

Ukaezina da Trintxerpek itsasoarekin eta arrantzarekin erlazio estua duela eta jaietako programan nabaria izan ohi da hori. Aurtengoan, ordea, jaien antolatzaileek itsasoko jendeari protagonismoa berezia eman diote. Gaur, marinelen zaindariaren egunean, noski, ez da itsasoarekiko erreferentziarik faltako eta tartean marinelen danborrada ere egingo dute.

Karmen eguna

Aste osoan jaietan murgilduta ibili arren, amaiera indartsua emango diete trintxerpearrek aurtengo Karmengo jaiei.

Goizean goiz diana izango da Jaizkibel kaletik abiatu eta Euskadi etorbideraino. Eguerdi partean berriz, marinelen zaindari Karmengo Amaren omenezko meza izango da Elizan. Arratsaldeko lehen orduan, lauretan, mus txapelketa jokatuko dute pilotalekuan. Geroxeago berriz, 16.30ean, haurrentzat eta zaharxeagoentzat, erraldoi eta buruhandiak irtengo dira azokatik; gainera, Oiartzungo erraldoi eta buruhandien konpartsa ere bertan izango da. Segurtasun kontuengatik, ordea, buruhandiak Euskadi etorbidean bakarrik ibiliko dira.

Iluntzeko seietan, elizatik abiatuta, marinelen omenezko danborradaren doinuek beteko dituzte Trintxerpeko kaleak. 21.30ean, berriz, Sastakai txarangak animatuta kalejira izango da. Azkuenetik abiatu, eta Euskadi etorbidea eta Serafin Esnaolatik barrena, Gernika plazan amaitu arte.

Trintxerpear bat baino gehiago festa gosez geratuko den arren, gaueko 22.30ean jaiei amaiera emango diete. Horretarako, azoka aurrean zezensuzkoa ibiliko da gerturatzen diren guztien gozagarri.

Ia herri guztietako jaietan izaten dira, baina Trintxerpen danborradek aparteko lekua dute. Emakumeen danborradak, familia artekoak, marinelenak, gizonezkoenak eta Azkuenekoak, danbor hotsez betetzen dituzte jaietan Trintxerpeko kaleak. Jaietako egitarauaren barnean, hartu duten ospea dela-eta, ekintza garrantzitsu bihurtu dira azken urteetan bost danborrada horiek. Bost emakume eta lau gizon dira jaietan ateratzen diren bost danborradetako arduradunak.

Emakumezkoen danborrada irteten hasi zenetik, Maribel Mujika aritu da zuzendaritza lanetan. 46 urte egin ditu, barrilen gidariarekin batera taldearen zuzendaritza lanetan. Azken urteetan gainera, danborra honetan hamarkada ugari daramatzaten beteranoez gain, neska gazteak ere gero eta gehiago animatzen dira parte hartzera.

Desfilerik berrienetakoa da familien danborrada, duela zazpi urte hasi baitziren Trintxerpeko kaleetan danborra jotzen. Ia ehun pertsonako taldea osatzen dute, eta bertako kide batzuek beste danborradaren batean ere parte hartzen dute. Desfile honetako damak Andrea Redondo, Andrea Carnés eta Nerea González izan dira aurten.

Marinelen danborrada, berriz, besteen aldean guztiz ezberdina da, beste gauza batzuen artean, egiten duten ibilbidearen zati bat itsasoz egiten baitute. Aurten Trintxerpeko kaleetan barna ibiliko dira danborrada hori osatzen duten 80 kideak 21. aldiz. Hala nahi duenak gaur izango du danborrada hau ikusi eta gozatzeko parada ezin hobea.

zezensuzkoa

Agian batzuk oraindik ere aseko ez ziren arren, gaur izango da Trintxerpeko jaietako azken eguna. Gauean, amaiera biribila emateko, zezensuzkoa ibiliko da azoka inguruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo