GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa, Spraikada 08, datorren larunbatean helduko da Erandiora

Uztailaren 19an, aurtengoa bosgarren edizioa duen Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren finala jokatuko da Erandion. Hamar graffitilari arduratuko dira herriko hormak kolorez eta irudiz apaintzeaz.

A. BILBAO | BILBO

2004an Mendaron hasi eta Getxon, Tolosan eta Gernika-Lumon izan ostean, Erandion hamar graffitigilek jokatuko dute aurten Spraikada `08, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren finala.

Atzo, Erandion bertan, Udaleko Euskara, Kultura eta Gazteria zinegotziek eta Topaguneko Gazte Saileko teknikariak prentsaurreko batean ekitaldiaren xehetasunak azaldu zituzten, Erandioko Udalak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin batera antolatu baitu jardunaldia.

Graffitiez gain, egun osoan makina bat ekintza antolatu dituzte. Extra Largos talde arabarrak, esaterako, graffiti erakustaldia eskainiko du Tartanga kiroldegian eta beste horrenbeste egingo du Oleaktiff disko jartzaileak metro geltokian. Ekitaldirik bitxiena, hala ere, TTP taldearen performance-a izango dugu, auto bat goitik behera graffitiz josiko dute-eta. Horrez guztiaz gain, Erandioko erakusketa aretoan ikusgai jarriko dira finala jokatuko duten hamar lagunen lanak.

Lehiaketako finalistak hautatzeko graffitilari profesionalek osatutako epaimahaiak hogei zirriborro jaso eta hamar aukeratu zituen, Erandion buruz buru lehiatzeko. Finalerako sailkaturiko hamar parte-hartzaileen batez besteko adina 23 urtekoa da, eta hainbat bazterretatik hurbilduko dira Erandiora. Bizkaitarrak dira gehienak -bost-, baina tartean bada gipuzkoar bat, bi nafar eta beste bi arabar ere.

Parte-hartzaileak eta bakoitzaren proiektuak aipatuko ditugu segidan: Bizkaitik, Say artistak «Jaio. Graffiti. Hil» lana egingo du eta Go izenekoak, «Ge(r)ixa». Herrialde berekoak dira BSH taldearen «Afrika askea», Tilla & Oink bikotearen «Graffiti eztanda» eta Yubiaren «Mundua kolorez bete» lanak ere. Nafarroako ordezkari Kay & Astek «Etorkizuna ere euskaraz» margotuko dute eta Jeas & Diego Glennyk «Fashion biktima». Asier Balza de Vallejo arabarrak «Koba 1» du pintatu beharreko lana eta Ojodecuervo & Caponek «Kalean gora artea». Bukatzeko, Gipuzkoako ordezkari bakarrak, Hector Hernándezek, «Saia zaitez» lanarekin hartuko du parte.

500 litro margo

Larunbateko jarduna bukatu eta iluntzeko zortzietan izango da sari banaketa, metro geltokian. Irabazleak, lanik onenaren egileak 1.500 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.200 euro eta hirugarrenak, azkenik, 900 euroko saria jasoko du.

Finalerako, egunean zehar guztira zazpiehun metro kuadro horma margotuko direla aurreikusi dute antolatzaileek eta horretarako, bostehun litro pintura erabiliko omen dituzte graffitigileek, mila eta ehun spray eta spraya zabaltzeko beste horrenbeste aho.

HOGEI ZIRRIBORRO

Maiatzaren 13tik ekainaren 27ra arte hogei zirriborro jaso ditu epaimahaiak; horietatik hamar aukeratu ditu larunbatean Erandion buruz buru jokatuko den finalerako.

Fitxa

Data: Uztailak 19.

Lekua: Erandio.

Ekitaldia: Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa:

Spraikada 08.

Graffitiak: 700 metro kuadro horma margotuko dira.

Margoa: 500 litro pintura erabiliko dira.

Ficha

Dir.: R. LaGravenese.

Int.: Hilary Swank, Gerard Butler, Lisa Kudrow.

País: EE.UU., 2007.

Género: Drama romántico.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo