GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Bandera urdin bakarra euskal hondartzetan

Kosta edo ziurtagiriak, zein dago pattal?

Berdin-berdin jasaten da beroa egun sargorietan, berdin freskatzen du urak, haize pixka bat eginez gero guztietan da mesede... Hala ere, Bandera Urdinak izan dira urteetan hondartzaren kalitatearen berri eman dutenak. Aurten bakar bat dago Euskal Herriko kostaldean, Getxoko Aizkorri hondartzan jarri dutena, hain zuzen. Urritasun honen zergatia arakatzean ziurtagiri ezberdinen inguruko ika-mikak azaleratu dira, batez ere.

p010_f03.jpg

Maider EIZMENDI

Oraindik batzu-batzuk hondartza asko zapaldu gabeak dira, baina hilabete pasatxo darama sasoiak zabalik eta sorosleak, dutxak eta gainerako ekipamenduek prest. Gutxi batzuk ohartzen dira hondartzetan dauden banderez, ez uretara sartzea debekatzen duten edota kontua izan behar dela dioten horiez, hondartzak bere osotasunean duen kalitatearen berri ematen duten horiez baizik. Urteetan Bandera Urdinak izan dira hondartzen «osasunaren» berri eman dutenak, baina aurten kostaldeari begiradatxo bat emanez gero honako zalantza sortzen da: hondartzak daude osasunez pattal edota Bandera Urdina bera da urteen poderioz osasuna galtzen joan dena?

Maitzaren amaiera aldean iragarri zuten, aurten Euskal Herriko hondartzei Bandera Urdin bakarra egokitu zaiela. Getxoko Aizkorri hondartzan dago hau, orain bi aste parapentez heldu eta Udaleko agintariek bertan jarri zutenetik.

Gipuzkoan iaz Zumaiako eta Getariako hondartzetan egon zen udan Bandera Urdina. Aurten ez da izango ez batean ez bestean. Zumaiak ez du eskatu eta Getariari, berriz, ezezkoa eman dio Bandera Urdina ematen duen FEE elkarteak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari Leire Troitiñoren esanetan, aurten «badirudi neurriak gogortu egin dituztela», baina, hala ere, Bandera Urdinen eskaera udalen eginkizuna dela nabarmendu du: «Udalak dira bere kabuz eskatu eta behar diren dokumentu guztiak bete eta aurkezten dituztenak».

Getariako Udaleko arduradunetako batek eman du aditzera, ezezkoa jasotzen duten udalei ez dietela argibiderik ematen; beraz, ez dakite zehazki zergatik ukatu dieten aurten sari hau: «Eman behar dietenei hitzordua jartzen diete eta gainerakoei ez». Argibide zehatzik jaso ez badute ere, susmoa dute «uraren kalitatea» izan dela ezezkoaren arrazoi nagusia. «Osakidetza arduratzen da uraren kalitatea aztertzeaz. Egunero hondartzako hainbat lekutan jasotzen dituzte laginak, eta emaitzak igortzen dizkigute. Bandera Urdina eskatzeko urteko batez besteko moduko bat eskatzen diegu eta 0 eta 2 arteko eskalan 1ekoa jaso dugu. Uraren kalitatea ona da bainurako, baina ez primerakoa».

Neurriak hartzea zaila da, «uraren kalitatea maiz kontrolatu ezin ditugun faktoreen baitan baitago». Horregatik, Bandera Urdinaren eskaera egin zutenean, itxaropen handirik ez zutela onartu dute Udaletik. Gogora ekarri du, Prestige petrolio-ontziaren hondoratzea gertatu ondorengo udan ere ez zutela jaso izendapen hau, orduan uraren kalitatea ez zelako eskatzen zuten bezain ona. Hala ere, Getariako Udalak Bandera Urdinen aldeko apustu garbia egiten du: «Jada eskatu eta bete behar diren baldintza guztiak ezagutzen ditugu, eta eskaerak zein modutan bideratu behar diren ere bai.

Datorren urtean saiatuko gara berriz ere», adierazi dute.

Udal honetako brigadako langile Jose Gomezek, hondartza askotan dagoen beste arazo baten berri eman du: «Udaberrian izandako denboraleak hondar asko eraman zuen eta berbanaketa bat egin bada ere, itsasoan barrurago sartzen da», azaldu du. Gainera, konpontzea eta atontzea lortu badute ere «denboraleak hondartzako ekipamenduetan ere triskantza eragin zuen eta harri mordoa ekarri zuen hondarretara».

Gipuzkoan bezalaxe, Lapurdin ere ez da Bandera Urdinik. Hendaiako Udaleko Zerbitzu Teknikoetako zuzendariak, Bernard Lavillek, azaldu duenez, hainbat urtetan jaso zuten Bandera Urdina, baina 1992an erretiratu zieten, ziurtagiria ematen duen erakundeak «Sokoburuko zonaldean hondartzaren ertza asfaltatuegi» zegoela iritzi baitzion. Orduz geroztik ez dute berriz eskatu. «Jendeak uste du uraren kalitatea baino ez dela kontuan hartzen, baina badira bete beharreko beste irizpide batzuk, eskoletako komunikazioa edota hondakin publikoen tratamenduaren gaineko ikastaroak ematea besteren artean; horiek bete behar direlako Lapurdiko kostako udalek ez dute eskatzen».

Zehazki, Bandera Urdina eskuratu ahal izateko hainbat arlotako baldintzak bete behar dira: inguruaren zaintza, hondakinen kudeaketa, uraren kudeaketa eta herritarren sentsibilizazioa.

Biarritzeko Udalak ere ez du inoiz eskatu sari hau, euren esfortzuak ia osotasunean uraren kalitatearen zaintzara bideratzen baitituzte.

Bizkaiko Aldunditik, ordea, Bandera Urdinaren aldekoa ez, ISO 9001 eta 14001 ziurtagirien aldeko apustua egin dute. Jada jasoa dute La Arena, Arrieta-Atxabiribil, Bakio, Laida, Laga, Karraspio, Isuntza eta Ogella hondartzek eta, oraindik ere zeintzuk izango diren ez badakite ere, hilabete amaieran Bizkaiko beste bi hondartzek jasoko dute ziurtagiri hau.

Gipuzkoan Debak, Zarautzek eta Donostiak dute ISO ziurtagiria. Zarautzek eta Donostiak Emas ziurtagiria ere badute.

«Bandera Urdinek ez dute meriturik»

Bizkaiko Aldundiko Hondartza arduradunak, Leonardo Lobatok, jakinarazi duenez, «aurten Bandera Urdin bakar bat jaso dugu eskaerarik egin ez delako». Are gehiago, bere esanetan, eskatu izanez gero, «hondartza guztiek jasoko lukete», azaldu du. Bandera Urdinak eskuratzeak «meritu handirik ez duela» azaldu du: «Nik ikusi izan ditut Bandera Urdina jaso eta batere egoera onean ez zeuden hondartzak. Meritu handiagoa dute ISO-ek, baldintza askoz gogorragoak». Aldundiak eta udalek hitzarmena dute AENOR enpresak banatzen dituen ISO ziurtagirien alde egiteko, «Getxo bere erara jokatzen du kontu honetan eta eskatu egiten du», zehaztu du.

Adeac-FEE elkarteko presidente Jose Ramón Sánchez Morak ahalik eta herri eta hondartza gehien aurkeztea desio duela nabarmendu du, baina Kantauriko Golkoan aurten eskaera gutxiago jaso dituztela onartu du. Bandera Urdinei garrantzia kenduz egiten diren adierazpenak kritikatu ditu: «Kontuan hartu behar da Bandera Urdinak bost kontinenteetako 48 estatutan banatzen direla. Gobernuz kanpoko erakunde batek gidatzen du eta partaide esanguratsuak daude epaimahaian». Euskal Herriko kostaldean bandera bakarra izatearen arrazoiaz galdetuta zera dio: «Hainbat udalek ISOren aldeko apustua egin dute; gainera aurten direktiba berri bat sartu da indarrean uraren inguruan, eta horrek bete beharreko baldintzak gogortu ditu, akaso horrek ere eragina izan du».

Bandera Urdinak udal txiki eta handiak parekatzen dituela uste du: «ISO zertifikatua eskatzea oso garestia da, udalek diru asko jarri behar dute eta udal txikiek maiz ezin dute gastu hori ordaindu». Bere esanetan, gastu handi horrek «independentzia» kentzen dio zeinuari. «Bandera Urdina egokitzean alkateak zin egin behar du eskatutako baldintzaren batek huts eginez gero abisu eman behar digula, eta horrela gertatu eta frogatzen badugu bandera kentzen dugu; bestelako ziurtagiriak nola kenduko dituzte eskuratzeko horrenbesteko dirutza gastatuta?». Alde horretatik, gogoan dauka Prestigeren hondamendia gertatu zenean Kantauri itsasoko bandera guztiak kendu zituztela. «Kalte egin zigun erabaki horrek, baina gure irizpideak errespetatzeko beste modurik ez genuen».

Zergatik ez dituzte orduan euskal udalek Bandera Urdinak eskatzen? Sánchez Moraren esanetan, badira kontrola ezin daitezkeen elementuak eta horien mendean egoteak eragiten duen arriskuak atzeratzen ditu. «Baliteke urte batean uraren kalitatea ona izatea eta datorrenean arrazoi bat dela edo bestea dela kalitate kaskarragoa ematea. Udal askok segurtasuna nahi dute. Donostia oso harro zegoen lehen Bandera Urdinak izatearekin. Baina urte batean uraren kalitate okerragoa eman eta orduan dena trabak ziren».

Gainera, adierazi du ISOen kasuan udalak ez dituztela arauak betetzera derrigortzen, «horretan ari direla esatearekin nahiko dute» eta «eurek erabakitzen dute zein arlo aztertzea nahi duten. Kartara egiten diete azterketa».

Finean, kalitate kontzeptuaren gaineko hausnarketa egitea beharrezkoa dela uste du. Enpresen kasuan bai, baina hondartzen kasuan «ezin da eraginkortasunaz edota errentagarritasunaz» hitz egin, ondasun publikoak direlako, «guztientzat eskuragarri behar luketenak». Hala, iristerraztasuna esaterako, oso kontuan hartzen duten ezaugarria dela adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo