GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jaien erdia igarota, ekitaldiz betetako azken txanpan sartuko dira Santutxun

Atzokoan Gazte Eguna ospatu ondoren, Bilboko auzoa jaietako azken urratsak ematen ari da. Gaur bertan, txerri-burduntzia egingo dute Arsuaga plazan arratsaldean. Bihar eta igandera bitartean ere, Santutxun era guztietako ekitaldiez gozatzeko aukera izango da, hala nola, bertso saioak, eskupilota eta futbito txapelketak. Ostiralean, bestalde, 22.30ean Basarrateko plazan rocka gustuko dutenek galdu ezin duten hitzordua dute.

Ibai BARRIOS |

Santutxuko txistularien diana izango da Karmen egun honetan santutxuarrak ohetik jaikitzeko erabiliko duten modua. 08.45etik aurrera, jaietako azken txanpan sartuko dira Bilboko auzo honetan, eta seguru asko oraindik ere geratuko zaie egunak behar bezala aprobetxatzeko indarra.

Gaur arratsaldean bertan futbito txapelketa eta xake partidak izango ditugu 18.00etatik aurrera. Briñas ikastetxean auzoko futbolzaleak batzen diren bitartean, Basarrateko plazan eta txosnen parean, euren estrategiak erakusteko parada ezinhobea izango dute xakezaleek.

Ordubete geroago, egunean zehar erretako txerria doan banatuko dute Arsuaga plazan, Bilbo 82 izeneko tabernaren eskutik. Baina, ordu berean, esku-pilota txapelketa izango da Karmelo ikastolan. Euskal Herrian tradizio eta ospe handia duen kirol honekin gozatu nahi duenak, jakin dezala gaurkoan kanporaketak jokatuko direla.

Baina kirolarekin batera barrerako tartea nahi duen orok Basarraten du aukera koadrilen arteko jinkana izango baita bertan. Ikuskizunak gustuko dituenak, berriz, Karmelo plazan dauka hitzordua auzoko Gaztedi dantzari taldearen eskutik.

Hortik aurrera, eta eguzkiaren azken izpiak aprobetxatuz, 20.00etan txistulariek berotuko dute giroa ondorengo ekitaldietarako: ur-zezen freskagarria, tabernen arteko garagardo estropada eta begano tailerra. Ondoren, bertso saioa egongo da 20.30ean Basarraten, eta etxean afaldu nahi ez duena aurretik egindako pintxo beganoen dastaketara hurbil daiteke gosea asetzera, Gazte Asanbladaren eta Jai Batzordearen txosnan. Aukeran, pote batzuk hartu ditzake ordainetan.

Ekitaldiz betetako programa

Gaurko eguna igaro ondoren, bihartik aurrera eta igandera bitartean pertsona guztien gustuei begirako ekitaldiak izango dira Santutxuko jaietan.

Jai herritar eta parte-hartzaileen filosofia oinarri hartuta, ahalik eta jende gehien erakartzeko programa osatu dute aurten: umeentzat egindako txokolate-jana eta jolasak nahiz gazteentzako tailer, bazkari eta futbito txapelketak. Horrez gain, txosnen ekarpena ere aipatzekoa da, Basarrateko plazan ekitaldi ugari antolatu baitituzte. Hala nola, bihar eta larunbatean 12.00etatik aurrera jarriko dituzten igerilekua eta terraza, tiragoma berezia «Gurekin jai duzue» lelopean, eta 15.00etarako prestatu duten Gazte bazkaria «Etorkizuna independentzia» leloa ozen aldarrikatzeko.

Baina seguru asko jende andana erakarriko duen ekitaldia ostiraleko rock kontzertua izango da. Bizkaiko kostaldetik datozen Etsaiak eta UEK, eta azkenaldian zeresana ematen ari diren Hesian Sakanako taldeak gorputzak dantzan jarriko dituzte Basarrateko plazan gaueko 22.30etik aurrera.

Ekitaldi gastronomikoei dagokienez, larunbatean II. Sukalki Txapelketa antolatu dute auzoko Dayton eta Gure Mendi tabernek Arsuaga plazan. Igandean, mende erdia betetzen duen bakailao txapelketa sonatua egongo da Basarraten bertan.

Jaietan egoterik ez dutenak ere gogoan izango dituzte. Larunbatean, errepresaliatuen aldeko bi ekitaldi garrantzitsu antolatu dituzte: 15.00etan bazkaria eta 21.30ean brindisa. Bi ekimen horiei jarraipena emateko, egun horretan bertan kalejira egingo dute, topa egin eta ordu laurdenera. Gainera, 22.30ean Jo ta Hanka taldeak eguna biribilduko du gaueko ordu txikiak arte. Bitartean, aurtengo jaietako argazkiak ikusteko aukera egongo da txosnen gunean.

Oraindik ere egun asko geratzen dira mota guztietako ekitaldiez gozatzeko. Festak hasi baino ez dira egin Santutxuko auzoan.

UR-ZEZENA

Gaur arratsaldean, 20.00etatik aurrera, «Bitorino» izeneko zezenaren eskutik, eguraldiari aurre egiteko eta, batez ere, ondo pasatzeko aukera ezin hobea izango dute Basarrateko plazara hurbiltzen direnek

ROCK KONTZERTUA

Ostiral honetarako rock kontzertu itzela antolatu dute Basarraten bertan; gaueko 22.30etik aurrera, Etsaiak, UEK eta Hesian taldeek euren doinuekin dantzan jarriko dituzte santutxuarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo