GARA > Idatzia > Kirolak > Alaves

Aurkezpena Alavesek bi urterako fitxatu du erdilaria

Garitano: «Bilatzen nuen guztia aurkitu dut Alavesen»

Lehen egunean behintzat, bizkaitarrak ihes egin zion jarri nahi dioten «aldagelako lider» paperari

p041_f04_444x444.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Azken orduan Realean jarraitzeko eskaintza izan zuen arren, Gasteizera etortzeko hartutako erabakiarekin pozik eta gogotsu agertu zen atzo Gaizka Garitano Mendizorrotzan. Kirol proiektu berriak, Euskal Herrian geratzeko aukerak eta atzo aurkezpenean izan zen Angel Garitano «Ondarru» jokalariaren aitak bigarren entrenatzaile gisa bizi izandako une gogoangarriak erabat asebete dute 33 urteko erdilari bizkaitarra.

«Niretzat oso klub egokia zen, hainbat urte eman ditut Eibarren, Athleticen eta Realean eta ilusioz hartu dut hona etortzea, bilatzen dudan guztia eman diezadakeen taldea da. Duela urte batzuk jokatzera Euskal Herritik ez irteteko erabakia hartu nuen, aitak hemen bizi izan zituen urte bikain haiengatik betidanik maitasun handia izan diot talde honi, betidanik jarraitu izan dut eta oso harro nago hona etortzeaz», azaldu zuen.

Realean gustura egon eta Lillok taldean nahi zuen arren, Alavesen eskaintza onartzea erabaki zuen Garitanok. «Egia da Donostian arazo handiak egon direla bertan egon naizenean, baina kontratua berritzeko eskaintza Lillok jarraitu behar zuela jakin ondoren egin zidaten. Nik erabakia hartua nuen, bi aste paseak ziren denboraldia amaitu zenetik eta ez daukat inolako damurik. Nire Realeko etapa amaitua zegoen».

Alavesen berriz ere Eibarren elkarrekin aritutako Javi Pérezekin egingo du topo, eta kirol zuzendariak argi dauka zer bilatu duen bizkaitarraren fitxaketarekin. «Bera zen, beste jokalariren batekin, aldagelan Eibarren filosofia ezartzen zuena. Berak bazekien zer zen kluba, primeran moldatu zen filosofia horretara eta oso jokalari garrantzitsua izan zen. Lehen eta Bigarren Mailan eskarmentu handia duen jokalaria da, azken urteetan Realean une txarrak bizitzea egokitu zaio eta nik uste dut oso pertsona garrantzitsua izan dela aldagela horretan».

Lehen egunean behintzat, Garitanok ez zuen hartu nahi izan askok jarri nahi dioten «lider» papera. «Ez dut horretan gehiegi sinesten. Aldagela batean denek egin behar dute dagokien papera eta lana, denon artean aurrera egiteko. Gainera ni berria naiz aldagela honetan, nire lehen urtea da», azaldu zuen.

Irteerak

Javi Pérezek taldean nahi ez dituzten jokalarien irteerak ez direla errazak izango onartu zuen, nahiz eta beste talde batzuekin kontaktuak izan dituzten azken orduetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo