GARA > Idatzia > > Kirolak

Itsas Jokoak Atlantiar arroko 20 herrialde lehiatuko dira uztailaren 19tik 25era

Itsas Joko Atlantikoen XIV. ekitaldia Getxon eta Sopelan

Itsas Jokoek urtez urte garrantzia eskuratu dute. Euskadiko selekzioa, Unai Basurko aitabitxi duela, orain arteko maila bikaina errepikatzen saiatuko da.

p046_f01_97x76.jpg

GARA | BILBO

Uztailaren 19tik 25era Getxon eta Sopelan egingo diren XIV. Itsas Joko Atlantikoak aurkeztu ziren atzo, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Gurutz Larrañaga Kirol Saileko sailburuordea eta Fernando Asenjo Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) presidentea izan ziren aurkezle.

Mendebaldeko Europako uretako ospakizun saihestezina bihurtu da urteroko kirol -bela, surf, piraguismo, arrauna eta urpeko jarduerak- eta kultur zelten topaketa bikain hau. Aipatutako kirol espezialitatetako parte-hartzaile eta zaleei nahiz Europa atlantikoko kultura zaharrenak atsegin dituztenei zuzenduriko hitzordua da.

Urtero, atlantiar arroko 20 herrialdetik etorritako 600-800 bat kirolari, elkarbizitza atsegina eta lehiakortasun adeitsua uztartzen dituen giroan elkartzen dira, itsasertz zabala duen toki batean. Besteak beste, Galizia, Katalunia, Kanaria uharteak, Andorra, Portugal, Bretainia, Belgika, Normandia eta Asturias izango dira Euskadiko selekzioaren lehiakide.

Jokoen historia

Itsas Joko Atlantikoak 1995 inguruan eratu ziren Bretainian, Europa atlantikoko nazio ezberdinetako kirol, turismo eta kulturaren sustapena bateratzeko helburuarekin. Surfa, bela, arrauna, piraguismoa eta urpeko jarduerak izan ohi dira bertan.

Aurreko 13 edizioetan, ondorengo herrialdeak izan dira, hurrenez hurren, Itsas Joko Atlantikoen topagune: Bretainia, Gales, Galizia, Cornwall, Eskozia, Asturias, Portugaleko iparraldea, Irlanda, Pays de Morlaix (Bretainia), O Salnés (Pontevedra), Xixon, Cornwall eta Bretainia iaz; orduan ere Euskadi gainerako selekzioak baino gehiago nabarmendu zen. 2008ko edizio honetan, Itsas Joko Atlantikoak antolatzeko txanda Euskadiri dagokio. Getxo eta Sopela prest daude festarako.

Euskal Kirol Federazioen Batasuna duela lau urte joko hauetako Nazioarteko Batzordeko kide bihurtu zen. 2008ko ekitaldirako, Euskadik 100 bat pertsonako ordezkaritzarekin egingo die harrera gainerako herrialdeei. Euskal ordezkariak surfean, belan, urpean, arraunean eta piraguismoan lehiatuko dira. Euskal selekzioek iaz Bretainian, besteak beste, surfean, arraunean eta piraguismoan nagusitasuna erakutsi zuten. Euskadik hainbat domina lortu zituen eta podiumaren goreneko koskara iritsi zen. Emaitzok errepikatzen saiatuko dira aurten.

2008ko Jokoetan luxuzko aitabitxia izango du euskal selekzioak: Unai Basurko. Uztailaren 17an Areetan egingo den inaugurazio desfilean ikurrina eraman eta euskal selekzioa gidatzeko ardura izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo