Mikel Aramendi Kazetaria
Txiklea eta txiklejalea
Txikleak uste izaten du txilejalearentzat ezer ez dela bera baino kuttunagorik: bere ahoaren epelean edukitzen du, bere hitzetako bakoitza zuzen-zuzenean entzunarazten dio, hanpatu eta musu ematen dio; eta halaxe da... mastekatzaileak edozein bazterretan betirako botatzen duen arte. Txiklejaleak uste izaten du ezer ez duela bere bizitzan txiklea baino zirtzilagorik: xentimo bat kostatzen zaio, aho zapore atsegina darion bitartean mastekatzen du eta edonon bota dezake; eta halaxe da... praka onenen ipurtaldean erantsita kausitzen duen arte.
Apologo estatubatuar hauxe bururatu zitzaidan lehengoan jakin nuenean Luis Moreno Ocampo Nazioarteko Zigor Epaitegiko fiskalak Omar al Bashir Sudango lehendakariaren atxilotzea eskatzen zuela, Darfurko gatazkan jazo diren genozidio, gerra eta gizateriaren aurkako krimenak direla eta. Omar al Bashir jeneral-lehendakariak (lehenago, Gaafar al Nimeiry jeneral-lehendakariak bezalaxe) Mendebaldeko potentziekin eduki duen harremana horixe izan baita: txikleak txiklejalearekin duena. Eta gogora dezagun aipatu (eta, egun, aliatu) diren bi horien artean partekatu dela Sudango aginte gorena azken 40 urtetako 35etan.
Kuttunak izan ziren biak Mendebaldearentzat, real politicaren barrenean bederen, «zaporea» galdu zuten arte. Sudango Alderdi Komunista, Afrikako ahaltsuena, odoletan itotzeko balio izan zuen Nimeiryk (Gadafiren laguntza erabakigarriarekin); gero, agintea galdu bezperan kasik, Mahmud M. Taha pentsalari islamdar aurrerakoia urkatu zuen, mundu osoak ezikusiarena egiten zuen bitartean (argituko ote digute orain Taha goresten dutenek zergatik orduan ez zuten albistea eman ere egin?). Bitarte osoan, Hegoaldeko gerra izugarriak ez zuen etenik ezagutu.
Gerra hartan zaildutako hiltzaile batek, Al Bashir koronelak, hartu zuen 1989an, indarrez noski, Nimeiryk bost urte lehenago galdutako agintea. Gaur arte. Nimeiryk bazkatutako Hassan al Turabiren Fronte Islamdarraren laguntzarekin hasiera batean, eta haren etsaigo biziarekin azken hamabost urteotan. Osama bin Ladeni (eta Ilich Ramirezi) ostatu emanez garai batean, eta haien atxiloketa etsaiei eskainiz geroago. Hegoaldeko gerrari nola edo halako amaiera emanez, baina kasik aldi berean Darfurko sarraskia sutuz... petrolioaren usainera bietan.
Beren balio instrumentala galdu dutelako bazterrera botatzen direnean, aliatu zirtzilak ere, txiklea bezala, ez dira betirako suntsitzen. Are gutxiago Sudanen.