GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

SOKATIRA | Euskal Herriko Txapelketa

Goiherrik bideratu du laugarren txapela ere

Berdeek eskuratu dute 580 kiloko lehen jardunaldia, eta gainerakoek lan asko egin beharko dute orain artekoa errepikatzerik nahi ez baldin badute

p036_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Goiherrik ez du barkatu nahi, eta denboraldiko lau txapelak eraman nahi ditu aurten. Hiru jadanik jantzi ditu, eta laugarrenaren bidean ere jarri da talde bizkaitarra.

Herenegun Erandion bertan jokatu zen 580 kiloko lehen jardunaldia, eta etxeko zaleen artean ez zuen hutsik egin Goiherrik, erraz gailendu baitzen, berriz ere txapela janzteko faborito nagusia dela agerian utziz.

Goiherrriren eta Gaztediren artean egongo zela dema iragartzen zuten zaleek, eta horrelaxe izan zen, baina hori ere Goiherrik irabazi zuen. Berdeek Goiherri B eta Areso ere mendean hartu zituzten, eta amaieran lehen postua beraientzat izan zen, tiraldi bakar bat ere galdu gabe.

Bigarren posturako lehian, Gaztedik ez zuen inolako arazorik izan. Goiherrirekin galdu egin bazuen ere, aparteko arazorik gabe irabazi zituen Gaztedik Gohierri B eta Aresoren aurkako tiraldiak; horrenbestez, bigarren postuan amaitu zuen.

Hirugarren postuan, berriz, berdinduta amaitu zuten Goiherri B eta Areso taldeek. Batak zein besteak Gohierri A eta Gaztediren aurkako tiraldiak galdu zituzten, eta elkarren arteko deman, berriz, berdindu egin zuten, bakoitzak tiraldi bana irabazi baitzuen.

Horiek horrela, hurrengoa da uneotan sailkapen orokorra: lehen postuan Goiherri A dago 4 puntu batuta, bigarrena Gaztedi da 3 punturekin eta hirugarren postuan Goiherri B eta Areso taldeak 1,5 punturekin berdinduta daude.

Aurtengo denboraldia datorren asteburuan egingo diren bi saioekin amaituko da. Larunbatean Gaztelun jokatuko da bigarren jardunaldia eta igandean, berriz, hirugarren eta azken ekinaldia jokatuko da Areson. Hantxe amaituko da aurtengo denboraldia, eta hantxe ikusiko da Goiherri A taldeak lau txapel jantzita amaituko duen denboraldia edo tartean besteren bat sartzen den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo