Harri-Zulatzea
Jaizubiak lehenengo postuan jarraitzen du
J.L. | DONOSTIA
Euskal Herriko Harri-zulatze Ligako zazpigarren jardunaldia jokatu da, eta Jaizubiak berriz irabazi du. Horrenbestez, hondarribiarrek gogor jarraitzen dute sailkapen nagusiko lehen postuan eta, orain arteko oreka erakusten jarraitzen badute, txapelak ez die inolaz ere ihes egingo.
Hondarribikoa da orain arteko talderik orekatuena eta erabateko nagusitasuna erakutsi zuen herenegun Santurtzin; 20 zulo eta erdi egin zituen talde gipuzkoarrak. Bigarren, Burdin Gazteak sailkatu zen. Ortuellakoak izan dira azkeneko bi jardunaldietako irabazleak, eta herenegungo saioan ere lan bikaina egin zuten, nahiz eta 18,6 zulo eginda bigarren postuan geratu ziren.
Hirugarren postuan, Gallarta sailkatu zen 17,3 zulo eginda. Laugarren postuan geratu zen Trapagaran. Bizkaitarrek nabarmen egin dute atzera azken jardunaldietan, eta berriro ere ezin izan dute lehen hiru postuetan sartu. Bizkaitarrek 16,3 zulo egin zituzten.
Bosgarren Kabiezes sailkatu zen 14,7 zulorekin. Seigarren Arboleda izan zen, jardunaldia 14,6 zulo eginda amaitu ostean. Zazpigarren Aldai Alde sailkatu zen. Ligak aurrera egin ahala behera egin duen beste taldea da Aldai Alde; 14,4 zulo egin zituzten. Txoriherri sailkatu zen zortzigarren 13,5 zulo eginda, eta azkena, berriz, Errekatxo izan zen 9,3 zulorekin. Azken horiek ere erregulartasun handia erakutsi dute, orain arte jokatu diren saio guztietan ez baitute azken postu horretatik ihes egitea lortu.
Sailkapen nagusian, berriz, Jaizubiak jarraitzen du lehen postuan 47 punturekin, eta oso zaila ematen du azken hiru jardunaldietan gipuzkoarrei aurrea hartzea. Trapagaran da bigarren 49 punturekin, eta Burdin Gazteak hirugarren da 46rekin.
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herrian jadanik badira herri kiroletako lau txapeldun berri. Aizkoran, Maillot izan zen onena eta berak jantzi du txapela.
Euskal Herrian lehen aldiz, bi txapelketa egin ziren trontzan. Bata, betiko eran jokatu zen, binaka alegia; bestea, berriz, bakarka. Binakako txapelketa Olaizola-Arbenoitz bikoteak irabazi zuen, eta bakarkakoa Arbenoitzek. Harri-jasotzen, azkenik, Martikorenak jantzi zuen Ipar Euskal Herriko txapela.
Bestetik, Mitikilek irabazi du Zuberoako taldeen arteko lehiaketa. Aurten jokatu da txapelketa lehen aldiz herrialdean herri kirolak bultzatzeko ahaleginean. Sei talde aritu dira lehiaketan, eta erdiak izan dira Zuberoakoak. Gainontzeko hiru taldeetako bi Nafarroa Beherekoak izan dira eta bestea Biarnokoa. Lehiaketan ia herri kirol guztiak egin behar izan dituzte taldeek eta horren arabera banatu dira puntuak. Mitikile izan da onena 41 punturekin; bigarren Urdiñarbe izan da 35 punturekin; hirugarren Donazaharre 28rekin; laugarren Donamartiri 35ekin; bosgarren Maule 21ekin, eta seigarren Salbaterra 20rekin.