KRONIKA | Eako poesia egunak
Etengabeko bilaketaren burdinbidea
Gaizki hasi ziren larunbatean Eako poesia egunak. Gaizki eta eder. Karmelo Landak ez zuen nahi bezala aurkezpen lanak egiterik izan, baina galdera batekin hasten zen bere mezu bat entzun ahal izan zuten bertaratutakoek: «Zelan bizi da eta biziko da gurean literatura?».
«Ameriketan egindako jardunaldi batzuetan, esan du norbaitek euskaldunon arazoa zera dela, hemen denok idazle izan nahia, eta hori baino, Nobel sari bat lortzeko lobbya bultzatzea komeni ote zaigun. Nik behintzat, hemengo saltsa honetatik ez nuke inor kenduko. Ez da makala saltsa; idazle, irakurle, musikari, argazki eta bideogile... partaide guztiena», jarraitzen zuen Karmelo Landaren mezuak.
Agurraren ostean, Koldo Izagirreri eman zitzaion hitza, jendez lepo zegoen aretoan bazegoen eta «Emakumeak trena hartu zuenekoa» hitzaldia entzuteko irrika. Mamitsua izan zen oso Izagirrek eskainitako bidaia, trenaren sinboloa bidelagun. Trenak euskal literaturaren joanean izandako eragina abiapuntu hartuta, tren geltokietan gizonek besteak beste gerrara eginiko bidaien itzuleraren zain topatu ditugu emakumeak, historia indibidualaren jabe baino historia kolektiboaren lekuko. Zaila da oso, ezinezkoa, irudi eta erreferentzia oparoekin osatutako hitzaldia lerro bakan batzuetan jasotzea. Entzuleek baina egin zuten hizlariarekin bidaia, «bere burua definitzea erabaki du emakumeak, objektu izatetik subjektu izatera pasatuz».
Larunbatak eguzkia eskaini zion oparo ibai ondotik burdinola eta paper-fabrika zaharretara eginiko txangoari. Musika lagun, Gabriel Arestiren poemak irakurri zituzten txandaka earrek.
Eguna aurrera doa eta Bedarona auzoan asteburuko lehen mahai-inguruaren txanda da. Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola eta Castillo Suarez mahaiaren bueltan, Miren Ibarluzea gidari kokatzen zaila den gaia helburu, «Poesia estra zer den». Estra hitzari jokoa atera dio akuilulariak, eta parte hartzaileek poesiaren inguruan dituzten iritziak aletu dituzte; «poesia bera estra da?», «poesia estra zer da, bada?», «euskarazko poesia ote da estra dena?». Poeten agerpenen ostean, publikoak hartu zuen hitza eta eztabaida bizia izan zen, poesiak bere baitan izan dezakeen aniztasunaren adierazle. Egun poesiak krisi handi bat bizi ote duen, nola uztartu hitz arruntekin munduko konplexutasuna... Poesia idaztea «hizkera propio bat modu insobornablean defenditzea» ere izan litekeela entzun zen handik gutxira.
Beletxen, Arestiren oroitarrian, Asier Serranok bere ibilbideari errepaso labur baina esanguratsua eskaini zion arrats partean, poemak eta kantak tartekatuz. Handik gutxira, Eako kaian Salvador Puig Antichen oroimenez osatutako «Harresi ostean pareta» filma proiektatu zen.
Itsasoaren soinua, kontrabaxua eta gitarra bidelagun, «Poesiazko ilara» ekimena ere izan zen. Filosofia bereziko ekitaldi horretan zalearentzat izen ezagunak direnak autoedizioa edo beste bide batzuk landu dituzten idazleenekin uztartzen dira, maila eta moila berean jarrita. Xabier Montoia oso aspaldiko partez errezitatzen entzun ahal izateak piztu zituen poesia zaleen txaloak eta gogoak. Ekitaldiari amaiera emateko, Zinar Ala musikari kurduak poesiaren haritik ezohikoa den irudia sortu zuen, publikoa zutik eta dantzan jarrita.
Igandeak beste mahai inguru batekin zabaldu zituen begiak: Iñigo Aranbarrik eta Eider Rodriguezek «Idazlearen ahotsa, norentzat, zertarako?» gaia izan zuten hizpide, Xabier Mendiguren bidelagun zutela. Idazlearen ahotsa poetikaren defentsatik ote datorren, poetika edergintza den neurrian, ala intuiziotik, modu organiko batean idaztetik, «zergatik?» galderari halabeharrez zertan erantzun gabe; gogoetak eta gogoeten aldeko aldeek amarauna osatu zuten bertaratutako idazle zein irakurleengan.
Egunak aurrera egin ahala, poesiek beraiek hartu zuten berriz ere lekukoa. Eguerdi aldera, Itxaro Bordak «Ogella line» errezitaldia eskaini zuen musikaz lagunduta, eta, arratsaldean, Bihotz Bakartien Klubak honezkero plaza ugari ezagutu duen «Katamalo».
Edukiz beteta joan ziren Eako poesia egunak, gogoeta, irudi, lerro asko utzita bertaratutakoen gogo-arrastoetan, baita poesia etengabeko bilaketaren burdinbidean elkargune izan daitekeenaren sentsazioa utzita ere.