Mutrikuarrak Malen jaietan bete-betean sartu dira ostirala bitartean
Haurrentzako ikuskizun eta jolasak, danborrada, kontzertuak... bapo pasatzeko aukera itzela dute mutrikuarrek. Bihar, herriko jaien egun handian, pilota eta sokamuturra izango dira zita, besteren artean.
GARA |
Larunbatean abiatu zituzten mutrikuarrek aurtengo Malen jaiak. Ostirala bitartean luzatuko dira eta, lehen bi egunetan bezala, hurrengo egunetan ere izango da kostaldeko herrian jaia nahi duenarentzat.
Bihar izango da herriko jaien egun handia, Malen Eguna, baina gaur ere aukeran izango dira makina bat ekitaldi. Besteren artean, 18.30etatik aurrera buruhandi eta erraldoiak herriko kaleetan barna ibiliko dira. Gauean, berriz, helduen danborrada izango da eta, horrenbestez, danbor hotsek jarriko diote erritmoa jaiari.
Malen Egunean, bihar, goiz hasiko da jaia. Batzuentzat esnatzeko eta beste batzuentzat oheratzeko abisua izango da diana. Etxeko txikienak dira parranda osteko egunean kalean nagusi izaten direnak eta, ondorioz, beraiei bideratutako ekitaldi ugari antolatu dituzte biharko. Jolas parkea, 11.00etan irekiko da. Arratsaldean, berriz, pailazoen ikuskizuna izango dute aukera gogoa eta indarra dutenek.
Pilota partida
Kirola eta batez ere pilota gustuko dutenek, zita dute bihar arratsaldean, Martinez de Irujo-Eulate eta Xala-Pascual bikoteak arituko baitira nor baino nor.
Tradizio handia du Mutrikun sokamuturrak eta jaien egitarauan tarte zabala. Malen Egunean ere sokamuturra gustuko dutenek arratsaldeko seietatik aurrera izango dute zita.
Asteazkenean txikienek izango dute ondo pasatzeko parada. Makina bat ekitaldi antolatu dituzte espresuki eurentzat: jolas parkea, buruhandi eta erraldoiak, zezentxo eta poniak, edota Karoli taldearen ikuskizuna.
Ostegunean herriko koadrilen eguna egingo da. Eguerdian Bike Trial ikuskizuna izango da eta nahi duenak proban aritzeko aukera izango du. 13.00etan, berriz, zartagin artean sartzeko txanda iritsiko da, bai behintzat tortilla lehiaketan meriturik egin nahi izanez gero. Eguneko ekitaldi nagusia gaueko kontzertua izango da, Su Ta Gar eta The Wet Band taldeek jarriko baitiote jaiari musika kaian. Ikusten denez, aurten rockak leku garrantzitsua du jaietan.