GARA > Idatzia > > Kultura

«Amateur gisa ari gara, baina publikoa gureganatu behar dugu»

Zazpi hilabetez pastoralaren prestakuntzan murgildu dira Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabile herrietako ehun eta hogeita bi biztanle. Fabien Lechardoi Barkoxeko errejentaren gidaritzapean, Jean-Louis Davanten «Xiberoko jauna» azken pastoraleko aktoreak jada prest dira ondoko igandeko lehenengo emanaldirako. Ikusgarria Ezpeizen emanen da, arratsaldeko hiruretatik goiti. Atzo egin zuten azken mustraka nagusia.

p038_f02_.jpg

Ainize BUTRON | EZPEIZE

Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea, Ürrüstoi-Larrabile; lau herri eta 121 aktore elkartu ziren atzo «Xiberoko jauna» pastoralaren azken mustraka egiteko. Mauleko bidean, ezkerreko pentze batean kokaturiko ohiko pastoralen estrada handiez inguraturiko taula gainean elkartuta, euri tanten artean aritu ziren egun osoan ondoko igandean ahal bezain ikuskizun ederra eskaini ahal izateko.

«Berdin dio gaur euria izatea, ondoko igandean eguraldi ederra egiten duen heinean», nabarmendu zuten bertaratutako herritarrek. Errejentaren agindu zorrotzen zain, guztiek, gazte eta heldu, ekin zioten mustrakari. Goizean, hamaiketan, hasi ziren turko eta kiristiak lanean, eta arratsaldeko hirurak aldera arte aritu ziren pastorala lantzen jantzi dotoreak soinean zituztela.

Baina, mustrakatik at, Ezpeizeko pentzean giro herrikoiaren nagusitasuna nabaritu zen atzo. «Pastoraletan politena herritarren artean sortzen den giroa da», zioten bildutakoek.

Zeren, herri txikiak badira ere, ez zuten baitezpada herritar guztiek elkar ezagutzen. «Hori izaten da pastoralaren berezitasuna. Herrian giro bat sortzen du astebururo elkartzen baikara», gehitzen zuten.

Bizian gutxitan izaten da horrelako ekitaldi herrikoi eta kultural batean parte hartzeko aukera. Eta egitasmo honen garrantzia adierazten du arizaleetan, herrian edo kanpoan bizi, lau herrietako bizilagun gazte zein helduak elkartu izana; guztiek nahi izan dute ekitaldiarekin bat egitea. «Barkoxen bizi naiz, baina sortzez Ürrüstoiekoa naiz. Ezin nuen nire herriko pastoralean parte hartu gabe geratu», azaldu zuen Oier III.aren emaztearen papera egiten duen Maritxu Galant-Davantek.

«Castinga»

Urtarrilean hasi ziren Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabileko 122 aktoreak aurtengo pastorala prestatzen.

«Testuaren arabera banatu ditugu rolak», gogoratu zuen Fabien Lechardoi errejentak. Barkoxen bizi bada ere, herritarrek pastorala egiteko erabakia hartu zutelarik deitu egin zioten. Jean-Louis Davantekin lantzen duen laugarren pastorala da «Xiberoko jauna». Hasierako «castinga» egiterakoan hainbat irizpide zituela argitu zuen: «Sujetak eta bere emazteak, esate baterako, ederrak izan behar zuten. Aldi berean, boz ederrak izan behar zituzten».

Hautaketa egin ondoren, etengabe aritu dira lanean zazpi hilabetez uztailaren 27an Ezpeizera hurbilduko diren ikusleei ikusgarri eder bat eskaini ahal izateko.

Eta, urtero pastoralen bidez taularatzen den ikuskizuna perfektua izan dadin, errejenta azken aholkuak ematen aritu zen atzo. «Amateur gisa ari gara, baina publikoa gureganatu behar dugu eta horretarako zerbait polita eskaini behar diogu», gehitu zuen.

Ikuskizun eder bat izateko osagarri guztiak zituzten jada atzo. Hori bai, kantua, dantza eta pastoral baten berezitasuna egiten duten elementu guztietatik at, jantzien edertasuna goraipatu zuten nagusiki atzo. Izan ere, lehen aldia zen aktore guztiek elkarturik bata besteen jantziak ikusteko aukera izan zutela. Hori dela eta, atzo mustrakan izan ziren jantziak egin dituzten hogeita bost jostunak jantziei azken ukituak emateo.

Mailis Fordain jostunen arduradunarekin izan ginen. «Irrati bidez lau herrietan jostunak bilatzen aritu gara. Batzuek profesionalak ziren, beste batzuek etxean egiten zuten lan. Eta, horrela, hogeita bost elkartu ditugu», azaldu zigun. Erramun Gartziaren gidaritzapean, aktore bakoitzari egokituriko 121 jantzi egiten aritu dira azkeneko hiru hilabeteotan eskuz edo tresnekin josi eta lisatzen. «Artzainak, apezak edo aingeruak bezalako pertsonaiak pastorala guztietan azaltzen dira eta beste herriei eskatu dizkiegu jantziak. Aldiz, gainontzeko gehienak taldean egin ditugu», esan zuen.

Berrikuntzak

Atzo guztiak prest zeuden ondoko igandeko emanaldirako. Allande Davant Oier III.a pertsonaia nagusiaren inguruan, turkoak, kiristiak, Zuberoako gudariak, eliza gizonak, aingeruak eta artzainak bilduko dira taula gainean.

Pastorala, ohiko lehen peredikuarekin, Erramun-Gillen V.a Oier III.aren aitaren heriotzarekin, abiatuko da. Ondotik, hogei bat jeikaldien bidez, Oier III.a, Zuberoako azken bizkondearen bizia azaltzen joango da. Usu gudukan aritu zen Oier, lehenik Zuberoaren alde, eta gero Nafarroako erresumaren zerbitzuko. Bere lurraldearen autonomia zaindu nahi zuen Akitaniako duke ingelesaren aurka.

Jean-Louis Davantek, izan ere, Oier III.ak Zuberoaren askatasunaren alde buruturiko borrokak goraipatu nahi izan ditu «Xiberoko jauna» pastoralaren bidez. Eta, ikusgarriaren azken peredikua baliatu du Oierren bizia goraipatzeaz gain, gaur egun ere borroka eta elkartasunaren aldeko deia zabaltzeko.

Ondoko igandean, arratsaldeko hiruretan egingo den pastorala Davantek sorturiko «Ene Herria» abestiarekin bukatuko da. Ohiko osagarriak aurkituko dira, beraz, ikuskizunean, baina, errejentak zenbait berrikuntza ere barnatu dituela aitortu zuen. «Egin ditudan berrikuntzak jakiteko, ikusi beharko da ikusgarria. Baina, esate baterako, pertsonaia guztiak ate zuri nagusitik ateratzea erabaki dut», esan zuen Lechardoik. Gutxi badirudi ere, elizgizon eta aingeruak dira ohiko pastoraletan ate zuritik ateratzen. «Egun ez dago elizgizon eta jende xumearen artean ezberdintasunik. Normala iruditu zait guztiak ate beretik ateratzea», erran zuen.

Bestalde, atzo jakin zenaren arabera, hirugarren emanaldi bat ematekotan dira Etxarri-Aranatz Oierrek sorturiko Nafarroako herrian.

EDERRA

Zazpi hilabetez etengabe aritu dira lanean aurtengo pastoralean parte hartzen duten herritarrak. Amateurrak izanik ere, benetako profesionalen antzera aritu dira, ondoko igandean pastorala eder bat eskaintzeko.

EHUN BAT JANTZI

Lau herrietako hogeita bost jostun aritu dira azken hiru hilabeteotan jantziak egiten. Erramun Gartziaren gidaritzapean, jantziak eskuz eta tresnekin josi eta lisatzea izan da beraien zeregina. Orotara, dantzari bakoitzari egokitutako ehun bat jantzi egin dituzte.

Fitxa

Lekua: Ezpeize.

Egunak: Uztailaren 27an eta abuztuaren 3an.

Egilea: Jean-Louis Davant.

Parte hartzaileak: Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabile herriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo