GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Umorea eta irudimena nagusi beste behin ere Baztandarren Biltzarrean

 

p015_f02.jpg


GARA |

Zigak lortu zuen atzo Baztandarren Biltzarraren baitan antolatzen den orga lehiaketako lehen saria. Gerra garaiko gertakizunak oinarri hartuta, Azpilikueta eta Elizondoko Beti Zurrutak taldeen aurretik sailkatu zen. Iaz AEBetako soldaduen antzezpenarekin lortu zuten lehen saria Zigako herritarrek. Badirudi orga lehiaketari tamaina hartu diotela.

Jaiaren antolaketan aritu den Jexux Baylonek atzo arratsean zioenez, aspaldiko urteetako jairik jendetsuena izan zen atzokoa. «Eguraldia goibel samar esnatu da, zaparrada txiki batzuk ere bota ditu, baina jendea ez da hondartzara joan eta hona bertaratu da». Jai giroa bistakoa zen atzo arratsaldean musikak hartuta zituen Elizondoko kale bazterretan. Jendetsua eta umorez betea izan zen bazkaria ere. Orotara, 1.600 bat lagun bildu ziren Merkatu plazan jarritako mahaien inguruan.

Aurtengo edizioan, Arriarte elkarteari egokitu zaio desfilea zabaltzea. Izan ere, 50 urte bete ditu aurten jaiaren sorreran zeresan handia izan zuen elkarteak. Gogoratu behar denez, elkarte horretako kideek antolatu zuten 60ko hamarkadan Aralarrerako bidaia eta bertan sortu zen jaia egiteko ideia. Arriarte elkarteko kideek lehen orga desfilean, 1963an, atera zuten karrozaren erreprodukzioa atera zuten atzo.

Bertaratu zirenek askotariko gaiak ikusteko aukera izan zuten atzoko desfilean. Elizondoko Beti Zurrutak elkarteak txondorra nola egiten den erakutsi nahi izan zuen eta Azpilikuetako herritarrek, berriz, ogia egiteko prozesua hartu zuten gai gisa.

Zitari estimu handia

Desfilean izan ziren, besteren artean, Iturengo joaldunak, Baztango txistulariak, Baztango dantzariak, Arizkungo txistulariak, Iruñeko Ortzadar fanfarrea edota Igorreko dantza taldea. Jairik eta umorerik ez da falta izaten eta horregatik asko dira baztandarren arteko senidetasun jai handiari estimu handia diotenak.

Tradizioari eutsiz bazkalosteak luze jo zuen. Arratsaldeak aurrera egin arren, jende andanak jarraitu zuten mahaien inguruan bilduta, gozatzen. Horretarako, besteren artean, Jon Elizetxeren bertsoak, Lurdes Cuesta, Mikel Ripodas eta Enara Mitxeltorenak eskainitako euskarazko jotak edota Elisa Perotxena eta Iñaki Gerendiaindainek eskainitako abestiak izan zituzten. Ondoren, berriz, larrain-dantza eta Trikidantz taldearen doinuak izan ziren aukeran.

Jai giroari gustu hartu eta jarraitu nahi zuenak, ordea, aukera izan zuen eguna luzatzeko, iluntzean erromeria izan baitzen Herriko plazan Laiotz taldearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo