Abuztuan umorea eta antzerkia izango dira protagonista Araian
Urtero legez, abuztuko bigarren astean Araiako herria umorea ardatz duten ikuskizunez beteko da. Horretaz gain, jaialdi honek herrira doazen taldeekin beste 32 emanaldi eramango ditu Arabako herrietan zehar egingo den ibilaldi batean. Abuztuan ere, antzerkia protagonista.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Herri ekimenez jaio zen jaialdi batek 15. edizioa aurkezten duenean, heldutasunaren eta finkotasunaren jabe egin dela esan daiteke. Horrez gain, haren egitarau berrian kalitatezko konpainiak aurki daitezkeenean abuztuko panoraman izena lortu duen antzerki hitzordu batetaz ari garela, zalantzarik ez da egongo. Abuztuko 14tik 17ra, barruko zein kanpoko ikuskizunak izango dira protagonista. Baina askoz harago doaz jaialdiaren asmoak. Herrialdeko beste 14 tokitatik ibilbidea egingo dute gero Araian egongo diren taldeak, abuztuaren 8an hasi eta 31n amaituko den bidean.
«Azpimarragarria dena herritarrek sortutako egitasmoa dugula Araiako jaialdia. Horrez gain, hemendik bi urtera kiroldegi berrian ospatu badezakegu, ikaragarria izango litzateke», azaldu du egitasmoaren zuzendariak, Javier Alkortak. Leku berri hori izan zen, hain zuzen, atzoko aurkezpenean garrantzia hartu zuen elementu bat. Asparreneko alkateak, Diego Gastañaresek, iragarri zuenaren arabera, bi urteren buruan estreinatu ahalko da azpiegitura berri hori eta jaialdiko zuzendariak argi esan zuenez, hobekuntza garrantzitsuak ekarriko dizkio jaialdiari. Kalitatezko akustika eskaini ahalko dute barruan egingo diren ikuskizunetan. «Orain gabiltzan lekuan bi aste aurretik hasten dira prestakuntzak, eta lan asko ematen du horrek», argitu zuen Alkortak.
Eskaintza anitza
Taldeei dagokionez, atzerritik zein gertutik, kanpoko ikuskizunak zein barrukoak, zirkua zein antzerkia lantzen dutenak egongo dira. Ezaugarri bakarra baita Araian egoteko baldintza: umorea ardatz izatea. Kanpoaldean buruko direnen artean, Euskal Herriko erakusle gisa, Trapu Zaharrak eta Zirika Zirkus aipa daitezke. Deigarriak dira Trukitrek taldeak egiten dituen emanaldiak, panpinen gorputza erabiltzen baitute, baina antzezleek jartzen diete burua, lehen unetik egoera jostagarriak sortuz. Zerrenda, ordea, asko luzatzen da, Teatro Necesario, Mumusic edota Circo de la Sombra taldeekin, beste askoren artean.
Kiroldegian, bestalde, sarrera behar duten lau ikuskizun egongo dira. Lehenak, La Trova taldeak musika eta testua nahastuko du «El reverso del verso lanean», Capa y Espada taldeak beldurrezko komedia eskainiko du «13, la casa encantada» lanarekin. Aurkezpena behar ez duten Joseph Collard eta Millan Salcedo bertan izango dira, «Zic Zag» eta «Yo me subí a un piano verde» lanekin, hurrenez hurren.