GARA > Idatzia > > Mundua

Immunitatea lortuta, epaileak ditu jo puntuan Berlusconi lehen ministroak

Immunitatea lortuta, justizia sistemaren erreformari ekingo dio Silvio Berlusconik, aurrerantzean arazo juridiko gehiagorik ez duela izango bermatzeko. Senatuak eman dion babesaren ondorioz, Milanen beraren kontra abiarazitako prozesua bertan behera geratu da.

GARA |

Immunitatea eskuratu ondoren, Silvio Berlusconik epaileak jarri ditu orain jo puntuan. Izan ere, aski ezaguna da Italiako lehen ministroak ez duela harreman onik epaileekin. Haren hitzetan, ez dira partzialak eta «tumore gaizto» batekin alderatu ditu.

Orotara, 171 senatarik bozkatu zuten Berlusconiri eta beste hiru goi karguei immunitatea ematearen alde. Beste 128k kontra egin, eta sei abstenitu ziren.

Lege proiektu horren onarpenak lasaitasuna ekarri dio Berlusconiri, arlo juridikoan behintzat. Bere kontra hamar prozesu ditu, baina orain arte ez dute bere kontrako epairik eman. Legea onartuta, bertan behera geratu da lekuko bat erosi izateagatik Milanen ipinitako salaketa.

Lege horregatik, Gobernuak kritika anitz jaso dituen arren, Justizia ministro Angelino Alfanok sutsuki defendatu zuen bozketa izan aurretik. «Testua ez dator ez oso goiz, ez oso berandu. Une egokian onartu dugu», plazaratu zuen.

Oposizioarentzat, berriz, hiritarren artean desberdintasunak sortzen ditu, batzuek -Italiako presidentea, Gobernuko burua, eta Kongresu nahiz Senatuko presidenteek- besteek ez dituzten pribilegioak izango baitituzte. Berlusconiren xedea justizia sistemaren erreforma sakona egitea da. Horrela, epaileen boterea «murriztu» nahi du. Askok oso gogoan dute oraindik 90eko hamarkadan epaileek ustelkeriaren kontra abian ipini zuten operazioa, «eskuak garbi» izenekoa. Dozenaka politikari kaltetuta atera ziren.

«Berlusconik bukaeraraino iritsi nahi du, berarentzat erronka pertsonala baita. Oposizioa zatikatuta eta ahulduta dagoela aprobetxatu nahi du aldaketak lehenbailehen gauzatzeko», esan zuen Italian aditua den Marc Lazar politologoak.

etorkinen kontra

Berlusconiri babesa eman dion Senatu berak etorkinen kontrako lege zorrotza onartu du. Eskatutako agiriak ez edukitzea astungarria izango da delituren bat egitekotan. Era berean, kanporaketak erraztuko ditu lege berriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo