Beti Jai Alai dantza taldeak 40. urteurrena ospatuko du larunbatean Arriaga plazan
GARA | BILBO
Bilbon larunbatero ospatu ohi den «Dantza Plazetan» hitzorduak esanahi berezia izango du aste honetan, hilaren 26an, Beti Jai Alai taldeak 40. urtemuga ospatuko baitu Arriaga enparantzan burutuko den ikuskizunean. Taldekoek urteurrena ospatzeko aurkitu duten modurik onena euskal dantzen errepertorio zabal bat eskaintzea izan da. Ez dira bakarrik arituko, ordea, Viva Jalisco ballet eta mariachi konpainia beraiekin izango da. Emanaldia arratsaldeko zazpietan hasiko da.
Basurtoko bizilagunen euskal kulturarekiko atxikimenduak bultzatuta sortu zen taldea 1968an, dantza eta euskal dantzak ikasteko eta erakusteko konpromiso sendoa hartu zuten unean. Handik aurrera, 40 urte eman dituzte folklorea zabaltzen eta bizitzen. Beti Jai Alai egun 150 lagun inguruk osatzen dute. Bi taldeetan banatzen da: nagusiena, 80 pertsonez osatua, dantzari eta musikari artean; eta umeena, emanaldi eta erromeria ugaritan parte hartzen duten 70 kidek osatua. Haien ibilbidean, atzerritik ibilitakoak dira Beti Jai Alai taldekoak.