GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Ai, Yolanda Yolanda! Ai, Barcina Barcina!

Uztailaren 8an, Arga ibaiaren pasealekuan genbiltzala, Gaseko ukuiluetara sartzea bururatu zitzaigun, zezen gizagaixoei, entzierroan estresatuak eta zezen-plazan torturatuak izan baino lehen, azken agurra egiteko. Esan gabe doa, ni tratu txar guztien aurkakoa naizela. Baita zezenei Iruñean ematen zaizkien horien aurkakoa ere.

Hasteko, ukuiluetako sarreran bi mutil gazte ziren, baina euskaraz ezin izan ziguten erantzun; ingelesez, agian bai, auskalo! Sartzearen truke 3 euro kobratzen zituzten, baina berehalaxe konturatu ginen leihoak garaiegiak zirela gurpil aulkitik zerbait ikusi ahal izateko, eta segituan atzera jo genuen adardunak ikusi gabe, noski. Lagunak esan zidan, bezperan, bere ezagun batzuek haurrak aupa altxatuz ibili behar izan zutela, hauek zerbait ikus zezaten. Atera kontuak!

Hori gertatu bezain azkar, aida batean oroitu nintzen, aurreko agintaldian zenbat aldiz gogorarazi nion Yolanda Barcina Iruñeko alkate andreari, oso komenigarria zela altueren kontua gogoan edukitzea, hiriko inor ez baztertua edo menpeko egoeran izan ez dadin, esate baterako, paperontzi, iturri, igogailuetako botoi, ateetako eskutoki eta beste hainbeste tresna erabiltzeko orduan.

Ikusten denez, Iruñeko alkate andreari tankera honetako gaiak belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zaizkio, batere jaramonik egin gabe, hori bai, beti hitz dotore eta irribarre oso zabalekin. Argi dago afera horretan ez duela inolako konponbiderik, berak nahi ez duelako, jakina. Maila handiko azpiegituretan eta eraikuntza erraldoietan ordea, bai, hor arreta guztia jartzen du; eguneroko gauza txikiei, aldiz, paso egiten die, nahiz eta jende apal eta xume askoren egunerokoan berebiziko garrantzia izan.

Horrelakoxea da, bada, antza denez, Iruñeko alkate andre sentibera, bihotz zabala eta arretatsua. Ai, Yolanda Yolanda! Ai, Barcina Barcina! Zer konponbide gutxi duten batere konponbiderik ez dutenek!, ez da hala?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo