Eneko,Kepa eta Iker Acero, Haritza eta Kepa Saratxaga, Lore Eizagirre eta Haritz Larrañaga Surflariak
Taula, izara eta aldarrikapena
Asko dira uda giroan igande pasa hondartzara hurbiltzen diren herritar eta atzerritarrak. Hori aprobetxatuz ikusten ez den, eta ezkutatzeko mila eta bat ahalegin egiten diren errealitate baten berri emateko ekimenak antolatu dituzte herritarrek datorren iganderako. Ekimen hauek Euskal Herriko hondartzetan burutuko dira, eta euskal presoen zein haien senideen eskubideak errespetatu behar direla pentsatzen duen oro gonbidatu dute parte hartzera. Beraz, urte osoan zehar hondartzan izaten garenoi ere gure hondar aletxoa jartzeko aukera eskaintzen digute.
Etxeratek ere euskal preso eta iheslariek nahiz senideek jasaten duten errealitate gordinaren aurrean mobilizatzeko deia egin dio euskal jendarteari.
Gutun hau sinatzen dugunok surflariak gara. Badakigu bidaiatzearen gordina zein latza den. Horregatik, ziur egin ahal izango ez duten bisita baterako, milaka kilometro egitera eta bizia arriskuan jartzera derrigortuak diren presoen senide zein lagunei gure elkartasuna adierazteko parada ezin hobea izan daiteke igandekoa.
Surflariok askatasuna maite dugu. Naturarekin harreman zuzenean jarri eta pixka bat askeago sentiarazten gaituen kirola da gurea. Baina, ez da gauza bera aske egotea eta aske izatea. Eta gu ere ezin izan gaitezke aske gure inguruan hainbeste injustizia gertatu eta gainera estali egiten dela ikusita. Gurekin surf egin ohi zuen lagun hura falta dela ohartzen garenean, oinarrizko eskubideak aldarrikatzea ere debekatzen zaigunean, gure ideiak isilarazi eta sentimenduak adierazteagatik zigortzen gaituztenean... Geurera gerturatu eta bidezko aldarrikapenak egingo dituztenekin bat egin eta gure ingurune natural honetatik gure ekarpentxoa egitea besterik ez zaigu geratzen. Gustu handiz egingo dugun zerbait izango da. Gure erara parte hartzea. Gurean, hondartzan, itsasoan, parte hartzea alegia. Egunero egiten dugun kirola, egunero egiten dugun lekuan, eta gainera egunero geurekin bihotzean daramatzagun haiek pixka bat gertuago ditugula. Zer gehiago? Gainontzekoei ere taula eta izara hartu eta parte hartzera animatu. Animo!