GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bruselak «erne» behatuko du kanpo portuaren proiektua

Joan den astean aurkeztu zituen Pasaiako Portuko Agintaritzak «ekoportu» izena eman dioten proiektuaren xehetasunak. Etxean bertan kritikak jaso ditu Jaizkibelgo labarra kaltetuko duen proiektuari «eko» aurrizkia jarri zaiolako. Atzo Europako Parlamentuko eta Greenpeaceko ordezkariak izan ziren Pasaian eta proiektua «erokeriatzat» jo zuten.

p015_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Joan den astean aurkeztu zuen Pasaiako Portuko Agintaritzak «ekorportua» deritzon proiektua. Portuaren eta ingurunearen arazoen konponbidea izan daitekeela adierazi zuen, baina guztiak ez dira horrekin bat agertu.

David Hammerstein Talde Berdeko europarlamentaria eta Aida Vila Greenpeaceko kidea Pasaiako portuan izan ziren atzo Jaizkibel Bizirik eta Zentral Termikorik Ez taldeetako kideek lagunduta.

Bisitaren ostean, Hammersteinek zentral termikoaren egoera eta arazoa Europako Parlamentura eramango zituela agindu eta enpresa horren isurtze eskubidearen kontzesioaren gainean galdegingo zuela adierazi zuen. «Zentzuzko arrazoiak daude horretarako: etxebizitzekin duen gertutasuna, erabiltzen duten teknologia... ez luke bertan egon behar, osasunaren eta zentzutasunaren aurkako erasoa da». Pasaiako badiako ingurunearen egoeraz ere mintzatu zen: «Bertan bizi diren pertsonentzat zein ingurumenarentzat aukera handiak dituen zonaldea da hau; baina Gipuzkoako trasteleku zikin bilakatu nahi dute, balio naturalen erakusleiho garrantzitsu izan zitekeenean».

«Kanpo portua erokeria iruditzen zait, inongo justifikazio ekonomikorik ez duen erokeria», baieztatu zuen europarlamentariak. Bere ustez, izan ere, oso zalantzazkoa da «inguru honetan portu honen beharra dagoenik». Bestalde, labarretan eta itsasoko ekosistemetan izango duen ingurumen inpaktu handia ere nabarmendu zuen.

Zalantzan jarri behar dena diru publikoa gastatzeko dagoen modua da. «Dirua proiektu faraoniko bakarrean xahu daiteke edo, horren ordez, portua itxuraldatzeko proiektu txiki anitzetan xahutu daiteke, ondoren inbertsio asko ekar ditzaketenak, ingurumen zaindua eta kalitatea duten lekuek inbertsioak erakartzen baitituzte». Kanpo portua «aurreranzko ihesa» da bere ustez, «arazoak murriztu beharrean ugaritu egingo ditu». Ezin du, ordea, gai hau Bruselara eraman, «oraindik ere proiektu zehatzik ez baitago», baina «erne» egongo direla ziurtatu zuen.

«Xantaia herritarrei»

Vilaren esanetan, zentzugabea da Lakuak zentral termikoari ingurumen baimena ematea. Atzoko bisitak baina, arazoa bere osotasunean ezagutzeko aukera eman ziola adierazi zuen. «Ingurumen Sailaren jarrerak arrazoi bakarra du, hain zuzen, zentral honi denbora ematea, kanpo portua egin eta bertan kokatu bitartean, enpresa handiei «faborezko tratua» emanez.

Villa «herritarrei egiten zaien xantaiaz» ere mintzatu zen. «Jendea kanpo portuaren aldeko jarrera izatera derrigortu dute, baldin eta badia eraberritzea nahi badute».

Lakuako Gobernuak eman duen baimenaren aurkako errekurtso bat aurkeztu zuen Greenpeacek hilabete hasieran: «Izan ere, legez kanpoko aktibitatea da, ez du distantzien erregimena betetzen eta ez zituen baimen guztiak; beraz, ingurumen baimena emateko askoz azterketa sakonagoa behar zela argudiatu genuen». Hiru hilabete dituzte erabakitzeko. «Ezezkoa ematen badute epaitegietara joko dugu, eta Udalaren eskumena dela esaten badigute honi eskatu diogu zentrala ixteko».

Jaizkibel Bizirik elkarteak ere gaitzetsi du azken egunetan Portuko Agintaritzaren asmoa. Azpiegitura honen benetako helburua operazioen ugaritzea dela nabarmendu dute: «Antza denez, 3,5 milioi tona ikatz deskargatu dituzte eta gainera biodiesel planta bat ere jarriko dute», adierazi dute. Bestelako alternatibarik ez lantzea egotzi diete: «Ez dira saiatu egungo portuaren erabilera hobetzen, badiarentzat alternatiba bakar gisa aurkezten dute».

Proiektuaren aurkezpenaren ostean Pasaiako ezker abertzaleak ere «lotsagarritzat» jo zuen. Gainera, «betiko eredu neoliberala oinarri» duela uste dute. «Kanpo portua, AHT, Gaintxurizketa eta bestelako azpiegitura erraldoiak garapena baino eskualdearen kolapsoa ekarriko dute», salatu zuten orain egun batzuk egindako agerraldian.

greanpeace

Uztailaren hasieran aurkeztu zuen talde ekologistak Lakuak Pasaiako zentral termikoari emandako ingurumen baimenaren aurkako errekurtsoa. Orain hiru hilabeteko epea dute erabakitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo