EAEko Udal Legearen aurkako helegitea dela-eta Eudelek epaitegietara joko du
GARA |
Udalen eskumenak zeintzuk diren argitzeko Eudelek epaitegietara joko duela adierazi zuen atzo erakundeko lehendakari Jokin Bildarratzek. Azaldu zuenez, ziur daude EAEko Udal Legeak legealdi honetan argirik ikusten ez badu «borondate politiko ezagatik» izango dela.
Tolosako alkate jeltzalearen ustez, «udalak babesik gabe sentitzen» dira; izan ere, «Arabako eta Bizkaiko aldundiak Biltzar Arbitrariora jo dezakete eta guk ez».
Udal Legearen izapideak egitea bertan behera geratu da, administrazioen arteko tirabirak zuzentzen dituen Batzorde Arbitrarioak Bizkaiko eta Arabako aldundiek aurkeztutako errekurtsoak tramitera bideratu ondoren. Bildarratzek udalentzat lege horrek duen garrantzia azpimarratu zuen, bere iritziz, «ziur asko legealdiko legerik garrantzitsuena».
Eudelen hitzetan, legea onartuta, bakoitzaren betebeharrak zehaztuko lirateke; izan ere, udal erakundeek «beren borondatez hainbat zerbitzuren gastuen %30 hartzen dute bere gain».
Bildarratzek berretsi zuenez, «ez ditugu besteek hartzen dituzten erabakien kostuak ordaindu nahi».
«Esku hartuko dugu»
Legealdi honetan araua aurrera aterako ez dela ikusita Eudelek auzian esku hartuko duela adierazi du, eta irailetik aurrera testu arauemaile «propio» bat prestatuko du datozen hauteskundeen ondoren osatutako gobernu berriari eskaintzeko. Bestetik, biltzeko eta koordinaziorako organoa osatze bidean, Eudelek alderdi eta instituzioen artean babesa bilatuko duela adierazi du, «politika publikoak diseinatzeko».
Udal arteko erakundeak hartuko duen beste neurrietako bat zerbitzu zehatz baten ardura zein instituziok izan behar duen argitzeko epaitegietara jotzea izango da. Bildarratzek neurri horiek «mehatxutzat» ez jotzeko eskatu du; eta, bestetik, epaitegietan errekurtso andana ekar dezakeela onartu du.
Bestetik, Rodolfo Ares PSEko legebiltzarkide eta bozeramaileak ohartarazi zuenez, Idoia Zenarrutzabeitia Lakuako lehendakariordeak legearen tramitazioa zein egoeratan dagoen azaldu eta, horrez gain, aurrera ateratzeko asmorik badagoen ala ez argitu beharko luke: «Larria da aldundiek Ibarretxeren gobernuaren sinesgarritasuna zalantzan jartzea, alderdi politiko berekoak izanik».