EBk «paradisuaren» ateak itxi dizkio Bulgariari
Europar Batasunaren agintarientzat, entitate supraestatal hau Lurrean eraikitako paradisuaren antzeko zerbait da. Hartara, paradisura sartzeko jartzen dituzten baldintza politikoak, moralak eta, batez ere, ekonomikoak oso gogorrak dira. Sarri, «klub» horren parte ez diren herrialdeei paradisuaren ateak irekitzen dizkiete muturren aurrean. Asmoa, ordea, ez da bertan sartzera gonbidatzea, baizik eta inbidia ematea. Ondoren, bertara sartzeko gai ez direla esan, eta kalean uzten dituzte berriro.
Hori gertatu zaio bederen Bulgariari. Batasunean sartzera gonbidatu zuten, politikoki, sozialki eta ekonomikoki ez Bulgariak, ez Bruselak bete ezin zituzten baldintzekin. Orain ezintasun horiek agerian geratu dira eta gure kontinentean jainkoa izatera jokatzen duten horiek ateak itxi dituzte.
Baina, tamalez edo zorionez, ez Lurrean ez Zeruan ere ez dago paradisurik. Ez paradisu politikorik, bederen. Adibidez, EBko herritarrek argi utzi dute, galdetu dietenean, ez dutela sinesten paradisu honetan. Gainera, izatekotan, paradisua krisian dago. Alemaniaren, Estatu frantsesaren eta Britainia Handiaren jarrera dago erabaki honen atzean, eta orain ez daude prest Estatu espainolari, Greziari edo Portugali bere garaian onartutakoa Bulgariari edo Errumaniari onartzeko.