GARA > Idatzia > > Kirolak

IGERIKETA Herri lasterketa

Getaria-Zarautz trabesia egingo dute igandean

Azken edizioetan bezala, 1.000 parte-hartzaile inguru espero dituzte Getariako portuko irteeran

p038_f01.jpg

Imanol SESMA | DONOSTIA

Antolaketan diharduen Jabier Etxaberen hitzetan «dena prest dago» datorren uztailaren 27an izango den aurtengo Getaria-Zarautz trabesiarako. Herri proba honen 38. edizioa izango den honetan, azken urteotan bezala mila pertsona inguruk parte hartuko dute.

Kopuru hori urtero jarri ohi den «muga» dela azaldu dio GARAri Jabierrek, hainbeste pertsona «uretan seguru egotea» nahikoa lan baita antolatzaileentzat. Hala ere, parte-hartzaile gehien izan ziren urtean Getariako portutik irtetean 1.050 pertsona zeudela argitu zuen.

Segurtasun aldetik, bada beste datu deigarri bat. Izan ere, 1996. urtera arte, helmuga Zarauzko portu txikian jartzen zuten, baina «zailtasun eta arrisku» handiagoa ekartzen zuen igerilarientzat. Beraz, urte hartatik aurrera herri horretako hondartzan izaten da amaiera, Munoa enparantzaren aurrean.

Bestalde, Etxaberen ustez «Euskal Herrian antolatzen diren trabesietatik herrikoiena da, normalean federatu gabeko jendeak parte hartzen baitu». Gaineratu zuenez, igerian zaletasun soil baten gisara egiten duen jendeak «erronka gisa ezartzen dio bere buruari lasterketa honetan parte hartzea». Gauzak horrela, proba hau Zarautzen ongi erroturik dagoela ziurtatzen du.

Kategorien inguruan jakinarazi zuenez, orokorrean, «infantil mailakoentzat trabesia txiki bat izaten da, eta Getariatik Zarautzera doana handia da». Horrela, bigarren honetan kategoria absolutuak eta masterrak lehiatuko dira emakumezkoen zein gizonezkoen kasuan.

Behin eta berriz irabazle

Badira proba herrikoi hau hainbat ediziotan irabazten duten maila handiko igerilariak. Adibidez, Barakaldoko Igeriketa Klubeko Gorka Ripak azken hiru edizioak irabazi ditu gizonezkoen mailan eta lasterketa honetako errekorra berea da, Getariako portutik Zarautzeko hondartzara 32 minutu eta 5 segundotan iritsi zelarik. Emakumeen artean aldiz, aurreko urtean garaile izan zen talde bereko Ziortza Llorente 2004. urtean ere gailendu zen trabesian, nahiz eta errekorra Fortuna Igeriketa Klubeko Ainhoa Oñatibiak ezarri zuen 2006. urtean 35 minutu eta 37 segundoko denborarekin.

Antolatzaileak argitu zuenez, irabazle hauek «normalean igerilekuan ere oso onak izaten dira distantzia luzeetan». Horrela, Gipuzkoako Igeriketa Federakuntzak antolaturiko distantzia luzeko Gipuzkoako igeriketa zirkuituan ere sarri gailentzen omen dira igerilari berberak: «Iraupen lasterketa hauetan, maratoietan gertatu ohi den bezala, proba bat irabazten duenak hurrengo proba irabazteko ere aukera handiak izaten ditu kirolariak duen mailagatik».

Zarauzko igeriketaren osasuna

Aurten jokatuko diren Beijingo Joko Olinpikoetan bi zarauztarrek parte hartuko dute: Borja Iradierrek igeriketan eta Ainhoa Muruak triatloian. Lehenengoa, Jabierren ustez, «estatu mailan onenetarikoa da igerian», eta berarentzat estreinako Jokoak izango dira abuztuan egingo direnak.

Ainhoa Muruak, Zarauzko Igeriketa Klubean entrenatzaile eta taldeko igerilari ohiak Joko Olinpikoetan parte hartzen duen bigarren aldia izango da aurtengoa, Atenasen triatloi proban aritu baitzen 2004. urtean.

Hauen inguruan Etxabek esan bezala «herriarentzat datu garrantzitsua da igeriketak bi kirolari oso on eman dituela jakitea» eta «harro samar» egoteko modukoa dela uste du.

Badaude meritu berezia dutenak ere

Getaria-Zarautz 38. trabesia honetako parte-hartzaile guztien artean badira meritu berezia duten bi igerilari. Fisikoki dituzten zailtasunak gainditu eta proba honen irteeran kokatzeko ausardia duten bi pertsonari buruz ari gara. Bata elbarria da, eta bestea itsua.

Lehenengoa, hankarik ez duen arren azken 15-20 edizioetan proba bukatu duen gizon bat da. Hori nahikoa ez eta, 60-65 urte bitartean dituela jakinarazi dute antolatzaileek. Jabierren hitzetan «zailtasunak direla-eta, honek proba hau egiteak meritu handiagoa du beste pertsona batek egiteak baino». Horren harira, honako galdera hau egiten dio Etxabek bere buruari: «Ez dakit ni neu gai izango nintzatekeen hankarik gabe proba hau egiteko».

Bigarrena ikusi ezin duen pertsona bat da, eta trabesian parte hartuko duen lehen aldia izango da. Jabierrek argitu zuenez, ibilbidean zehar «pertsona honek beste bat behar du bere inguruan, behintzat, bideratzeko».

Esan beharra dago, bolondres asko aritzen dela lanean trabesian zehar arazorik egon ez dadin.

I. S.

irabazleak

Gizonezkoetan 2,5 kilometroko tartea 32 minutu eta 5 segundoko denborarekin betetzean errekorra ezarri zuen Gorka Ripa izan da azken hiru edizioetako garailea, eta emakumezkoetan Ziortza Llorentek bere bigarren trabesia irabazi zuen iaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo