Euskal egile abeslari pobre baten abenturak
Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria
Kaixo guztioi, bai irakurle zein zutabekideoi. Blankari aurrekoan botatakoak estimatu, baina kontrakoa emateko-edo, lehenik eta behin neure burua aurkeztuko dut. Bost hitz baino ez ditut erabiliko; euskal egile abeslari pobre bat. Baieztapen horrek ez du inongo arrenkura aztarnarik, ez sumatu halakorik; errealista izatea da, ez besterik. Pozik nabil, batez ere azkenaldian Agotekin, baina errealista naiz, zer arraio. Argi daukat euskal egile abeslari pobre bat izateak zer dakarren.
Lehenik eta behin, lagunen konfiantzari gehiegikeriaz erantzutea. Eskerrak musikari pobreok beti daukagun diruarekin ordaindu ezin dugun hori lagun bati eskatzerik, irrifar, afari edo pote batzuen truke... jakina, bestela ezingo genuke diskorik kaleratu, hainbat zuzeneko emanaldirik eskaini, aurrera jarraitzeko nahitaezkoak diren hainbat baliabide eskuratu... Harritzekoa da oraindik lagunak edukitzea.
Bigarrenik, euskal egile abeslari pobrea izateak hamaika «kausetako» zure partehartze nahitaezkoa dakar. Kontratuan dator, letra txikian. Horrek esan nahi du hemendik hara ibili beharko duzula hainbat «emanaldi» eskaintzen. Gehienetan musikak bigarren mailako garrantzia baino ez duen ospakizun, bilkura, manifa, elkarretaratze, mitin, omenaldi, bazkaritan... Musu-truk, jakina, eta baldintza oso kaskarretan gehienetan. Gainera, badirudi askotan musikariak eragozpen iturri bat baino ez garela antolatzaileentzat! Entzun ahal izateko ekipo sasi-txukunak eskatzen ditugu, probak egin ahal izatea, kantuak segidan jotzea... Gauza arraroak guztiak.
Zure kontzientziak, edo zure lagunen batek eskatuta, urtean zehar ez da falta izaten aukerarik aurreko guztiak probatu ahal izateko. Gauza da, eta hau azkar ikasi beharko du gutako batek, soilik baliabiderik ez dagoenean deituko dizute, besteetan beti beste musikari batzuk, beti berdintsuak, deitzen dituzte. Jakina, musikari pobreok ez omen dugu nahiko jenderik erakartzen! To, arrazoi perfektua!
Ondorioz, altzairuzko autoestimua behar du euskal egile abeslari pobre batek. Gau euritsuren batean, Balmasedatik zatozela, bakarrik, bi mokadu irentsi, gasolina eta autobidea ordaintzeko adina sosik eskuratu gabe, munduko Victor Jara, Christie Moore, Jose Afonso eta Woody Guthrie guztiekin akordatuz, gurpila zulatzen bazaizu? Esandakoa, edo altzairuzko autoestimua, edo gitarra hautsi bat topatuko dute hurrengo egunean Zornotzako restopean. Baina, zer arraio, neu behintzat oso pozik nabil.