GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Biarritz Océan» 2010ko abendurako prest izango dela iragarri du Borotra auzapezak

Xabi HERNANDEZ |

Ia 30 milioi euro inbertituko dira orotara «Biarritz Océan» proiektuan, horietatik 11,8 milioi Itsas Museoa handitzeko lanetan eta beste 17,7 milioi Ozeanoaren eta Surfaren Etxea barnean hartuko dituen eraikin berriaren lanetara bideratzeko. Aurrekontuetara egotziko den kopuru handi horrek zalaparta eragin badu ere, egitasmoa aurrera aterako duela iragarri du Borotrak, aurreikuspenen arabera 2010eko abendu bukaeran ateak zabal ditzan.

Herenegun bertako herriko etxean egindako jendaurreko agerraldian zehaztu zutenez, proiektu hori bi zutaberen gainean eraikiko da. Bietan arretarik nagusiena hartuko duena Ozeanoaren eta Surfaren Etxearen eraikitzea izango da. Batetik, aurrekontuaren diru zamarik handiena horrek eskuratuko duelako eta, bestetik, berrikuntzari dagokionez, halako ezaugarriak dituen bestelako zentrorik ez baita oraindik orain Ipar Euskal Herriko kostaldean.

Hala ere, batak zein besteak gauzatzeko izango duten «muturreko zailtasun teknikoak» nabarmendu nahi izan zituen Borotrak aurkezpenean. Itsas Museoa hiriko talaian kokatzen da, labarreko haitzen gainean, hirigunean bertan, eta haren instalazioen zati handi bat lur azpian geratzen da. Horregatik, eraikinean egingo diren zabalpen lanak burutzeko arazoak izan ditzakete, inguruaren ezaugarri fisikoak kontuan hartzen badira. Museoa akuarium berriez hornitzea da asmoa -guztira, 1.920 metro kubiko gehiago-.

Bestetik, Ozeanoaren eta Surfaren Etxea altxatzean, era berean, zailtasun tekniko antzekoak ager daitezkeela azaldu zuten. Hiriaren kanpoaldean nahi dute baina, museoarekin gertatzen den bezala, itsasotik oso gertu. «Biarritz Océan»-en bigarren oina eta, aldi berean, proiektuaren protagonista nagusia izango den honen xedea ozeanografiari buruzko «parke ludiko-zientifikoa» sortzea da, non «ezagutza eta aisialdia» tartekatuko diren: ikusgarriak, baita irudi, surf eta ozeanografian oinarritutako «esperimentazioak» ere .

Dena den, Borotrak zehaztu zuenez, egitasmoaren helburu nagusia «jarduera turistikoa, ekonomikoa eta aisialdirakoa zabaltzea eta indartzea, alde batetik, eta horri itsasoaren ezagutzari lotutako espazioa batzea izango da».

«Proiektu faraonikoa»

Proiektuaren lanak martxan jarriko dira aurten, museoarenak irailean eta Ozeanoaren eta Surfaren Etxearenak abenduan. Bien finantziazioaz Biarrizko Herriko Etxea bera arduratuko da, ustez «bideragarritasun ekonomikoa» atxikitzeko. Gastuen amortizazioa espero dituzten urteko 500.000 bisitariekin lortzea nahiko lukete, eta Borotrak adierazi zuenez, hiriarentzako inolako arriskurik ez omen du asmo horrek. Oposizioan den Alderdi Sozialistak (PS), ordea, haren berri izan zuenean, «faraoniko»tzat jo zuen, eta «hiriaren beharrei» ez ziela «inolaz ere» erantzuten gaineratu zuen.

Polemika honek berariaz kaltetu zuen Borotraren martxoko hauteskundeetako hautagaitza, gero, bigarren itzulian bera hautatu zuten arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo