Julen MURGOITIO
Udako iturginak
Uda ofizialean gara. Eta udan udakoa, ofizioz. Udako ikastaroen uda, bera. Ez dakit zein ahul eta ez dakit nor indartsu omen dagoela. Batek daki zer esango diguten neguko ikastaroen txanda etortzean. Zer-nori-nork ulertzeko era desberdinak, azken batez. Udan gaituzte, bai. Udalekuetara joateko sasoia berau. Eta hondartzara, hareak eguzkitan egoteko berezko duen eskubidea zapaltzera. Ikasleak trukatzeko garaia ere bada uda. Hara-hona ibiltzekoa. Horra, Washingtoneko Etxe Zurian maizter bizi nahi duen politikari beltza ikasketa-biran izan da egunotan Europatik, itxura batean bere doinu berriak kontinente zaharrean aurkezteko biran, letra ezaguna bada ere. Horra, ikasketa-bidaian ere joana da Amerikako Estatu Batuetara EBBko iturgin burua, 2020 urteko Euskadi horrentzat harrera-familiaren bila. Hango burtsetan kotizatzen duten hainbat enpresa handiren enpresariekin partekatu du horrek mahaia. Ama, ama! Loiolakoak burtsan kotizatu izan balu! Baina ez zeuden prest lohi haietan murgiltzeko, nahiago izan dute beti horiek kotizatzen duten lohietan ibiltzea, eta horiek ez ziren Loiolan. Nasdaq dute han burtsaren indize ezaguna, «nazka» izango litzateke horren itzulpen egokia munduko bazter askotan. Jelkideak gauzak argituz doaz euren ideien berritzean. Nafarroa ez da gehiago arragoa izango, «ingurukoa» baino. AEBek AEBak ez den gainerako mapa mundia hartzen dute «inguruko». Eta Iparraldea «mugaz gaindiko elkarlanerako gunea». AEBek eguzki-galaxiako Lurraz gaindiko beste planeta, satelite, astro eta izar guztiak hartzen dituzte «gune», eta ez elkarlanerako, prezisamente. Nafarroa «ingurukoa»? Bai zera, ingurukoagoa izan dute horiek beti energiaren hariak eta komunikaziokoak kontrolatzen dituzten administrazio-kontseiluen buruzagitza. Hori ere ikastera joaten dira jelkideak AEBetara. Nolako egurra halako ezpala. Batzuei burtsak mugatzen die nazioaren geografia. AEBei mapa mundia bera. EAJri Euzkadi. Ideia bat, eskala bi. Ai Uda! Zer hintzen eta zer haizen! Bestelako lekuak ezagutzeko urte sasoia. Horra zebra muskuilua gure urtegiak ezagutzera etorria! «Welcome» edo, jelkideen esaeran! Kongo ibaian txalupa batek hondora jo eta hamaika lagun itota; tira! ez dut uste denak lagunak zirenik, baina ito bai, seguru. Gero Expon esango dute ura bizi-iturria dela. Bai, baina burtsako iturginekin urarenak egin du! eta lehorrarenak ere! Kotizazio kontua baino ez.