GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Tasio Erkizia Ezker abertzaleko militantea

Mendekuaren aurka, presoekin elkartasuna

Presoek, jazarpenari aurre egiteko, gure elkartasuna aurkitu behar dute: jaietako mobilizazio, bazkari edo brindisetan berotasuna erakusteko aukera bikaina dugu; bide berberetik dator, adibidez, gaur bertan hondartzetan egingo diren elkarretaratze masiboetan parte hartzeko eskaria ere

Espainiar zein frantziar Estatuetan barreiaturik dauden euskal preso politikoen egoera egunetik egunera larriagotzen ari da. Isolamendua, jipoiak, dispertsioa, osasun egoera larriak, zigor-gehitzeak... zer ez dute asmatzen gure presoen egoera jasangaitza bihurtzeko? Damutzea edo pertsona-izaera haustea, amore ematea edo mendekua, horra hor bi Estatuek daramaten politika maltzurra.

Honen guztiaren helburua garbia da: preso politikoen kolektiboa zatitu eta beraiek presionatuz senitartekoak ere zigortzea. Baina, ikusirik xede horiek ez dituztela lortzen, Estatuek beste urrats bat eman dute, eta orain horixe da azpimarratu nahi dudana, presoen duintasunaren aurka mendekuz jokatzen ari direla, gorrotoa erabiltzen dutela.

Mendeku hitza da egungo dispertsio politika definitzeko hitzik aproposena. Hain zuzen ere, mendeku hutsa da, kartzela bateko bizi baldintzak hobetzeko egin duten protestagatik edota Poliziaren ustez militante batek mantentzen duen irmotasunagatik presoa dispertsatzea, berau eta bere senitartekoak lotsagabeki zigortuz. Jakin badakite familiakoei zigorra erantsiz presoaren ezinegona eta sufrimendua areagotzen dutela, eta, gainera, presoa Euskal Herritik ahalik eta gehien urrunduz, lagun eta sustraiekiko loturak higatzeko beste urrats bat ematen dutela. Hau da, presoak alde batetik bestera maiz mugituz, norberaren oreka eta lasaitasuna apurtzen dutela. Eta hor darraite, astero dozenaka aldaketa egiten eta kolektiboa gero eta gehiago sakabanatzen.

Mendeku hutsa da gaixo dauden Angel Figueroa, Mikel Ibañez, Juan Jose Rego, Bautista Barandalla eta beste hainbeste presorekin egiten ari direna. Ongi baino hobeki dakite preso horien osasun egoera okertzen ari dela, eta asistentzia faltaren ondorioz beren bizitza larriki arriskuan jartzen ari direla. Ondorioz, kartzelan edukitzea sadismoa da. Gaixo larriak kartzelan edukitzeko, mendekutik aparte, zein arrazoi izan dezakete? Beraien legea hautsiz, eta giza lege guztien aurka, egoera horretan dauden pertsonak presondegian jarraitzeak zer beste azalpen eduki dezake? Arrazoizkorik ez. Sufrimendua eragitea besterik ez.

Mendeku hitza da «Gatza»ren kasuaren azalpen bakarra. Hogeita zortzi urte preso daramatzan pertsona honi zer nolako justizia aplikatzen ari zaizkio? Ezarritako zigorra bete ondoren, zergatik darrai kartzelan? Galdera asko eta erantzunik ez. Indarra beraien alde dagoenez, errepresio itsua ezartzen dute, eta kitto!

Mendeku hutsa da «Parot doktrina». Ez dago eskubiderik, urteetan legearen aplikazio zorrotza erabiliz preso bati egindako «zigor-egunen gutxitzeak», Gobernuaren agindu baten bidez deuseztatzeko. Horri, besterik gabe, «pertsonen eskubideak harrokeriaz zanpatzea» esaten zaio.

Mendeku hutsa da Batasuneko Mahai Nazionaleko kideekin egin dutena, alegia, negoziazio saioetan PSOEren eta PNVren esanetara makurtu ez direnez gero, herri honen eskubide demokratikoak duintasunez defenditzeagatik guztiak kartzelaratzea. Edota dozenaka gazterekin egiten ari direna, zeintzuk, inolako delitu zantzurik gabe, herriaren arnasa eta kimu berriak direlako kartzelaratzen dituzten. Eta mendeku hutsa da, dudarik gabe, «Egin», Egin Irratia, «Ardi beltza» edo «Egunkaria» bezalako komunikabide euskaldun eta errebeldeetan lana egiteagatik hamar edo hogei urteko kartzela zigorrak ezartzea.

Eta ez al da mendekua zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak bete dituzten 200 preso inguru kartzelan edukitzea? Eta nola deituko diogu orain aipatzen ari diren lege aldaketari, zeinaren arabera kartzelatik irten ondoren preso ohiei bizitzeko tokia ezarri nahi zaien? Edota, nola deitu, adibidez Iñaki De Juanaren kasuan, kaleratutakoen senideen ondasunak enbargatzeari? Handiak ikusteko jaioak ginela bagenekien, baina hainbesteraino ez genuen uste, alajaina!

Estatuek hain gogor eta garratz jokatzen duten une honetan, herritarrok erantzukizun berezia dugu. Inoiz baino esfortzu handiagoa egin behar dugu zigortuei elkartasuna adierazteko. PSOE, PNVren laguntzaz, ahalegin berezia egiten ari da presoak herritarrengandik urruntzeko. Kasualitatea al da Ertzaintzak halako amorruz erasotzea presoen aldeko ongi etorriak, omenaldiak edo ekitaldiak? Aspaldiko estrategia da bidegurutze garrantzitsuenetan presoen kolektiboa gogorki erasotzea. Beren esku dauden militanteak izanik, katebegi ahulena bihurtzen dira, erasotzeko errazenak, eta gupidarik gabe errausten dituzte.

Etsaiaren mendekuak gure elkartasunarekin talka egin behar du. Presoek duintasunaz erantzuten ari dira, egoera latzenetan ere autodefentsa irmoa erakutsiz. Baina, dudarik gabe, presoen babes eraginkorrena euskal herritarren mobilizazio eta borroka da. Jazarpen basatiari aurre egiteko gure hurbiltasuna eta elkartasuna aurkitu behar dituzte: herriko jaietako mobilizazio, bazkari edo brindisetan gure berotasuna erakusteko aukera bikaina izan ohi dugu; bide berberetik dator, adibidez, gaur bertan hondartzetan egingo diren elkarretaratze masiboetan parte hartzeko eskaria ere. Oporretan egon arren, presoenganako elkartasuna erakusteko mila era ditugu, guztiak beharrezkoak.

Mendekua Estatuen ezintasunaren ispilu da, arrazoi faltaren erakusleiho garbia. Estatuen mendeku jokaerak, gure erantzuna indartu behar du. Presoenganako elkartasuna areagotu. Epelkeriak eta erosotasunak astindu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo