ARGIA Jakes Bortairu 2008/7/27
2, 1, 75
Zaldi lasterketako hirukote irabazduna ote? Ez. Frantses Konstituzioan hizkuntza guttituei buruzko aipamenak orain arte izan duen ibilbide gorabeheratsua da.
«Errepublikaren hizkuntza frantsesa da» 2. artikulu famatuari emendakina gehitzea saiatu ziren behin eta berriz tendentzia desberdinetako zenbait diputatu. Alferrik. Ekainean instituzioen erreforma dela-eta Legebiltzarrak Konstituzioko 1. artikuluan hizkuntza horiek ondare gisa ezagutzea bozkatu zuen. Debaldetan. (...) Uztail honen hasieran batzuek hautsi-mautsia proposatu dute: tokiko lurralde erakundeak xedatzen dituen 75. artikuluan emendakina kokatzea.
(...) Parisetik deus berri. Errealitate gordinak irauten du eta topikoa baieztatu da: Frantziako Estatuko agintariek ez dute hizkuntza guttituak komunikazio tresna bezala ezagutzeko asmorik. Alderantziz, gehienak horren beldur dira. Haien solasak entzunez, Frantziak alde guztietarik setiatua eta barnetik erasoa den nazio hauskorra dirudi, lehertzekotan litzatekeen errealitatea nolabait. Irrazionala da. (...) Egoera honen aldatzeko aukerarik ez, epe jakin batean behintzat. Euskaltzaleek eta beste herrietako hizkuntza guztien hiztunek ere borroka, nagusiki, gure herrietan, gure hautetsiei begira eta gure tokiko erakundeetan eraginez eramaten segitu beharko dugu, baldintza ahal bezain onak sortzeko.
Frantzia mailan halere, bataila inportantea dugu eramateko ondoko hilabeteetan (...): lege honek bermeak eskaini eta ateak ireki ditzan eta halaber saihestu behar dugu Konstituzioko 2. artikuluaren interpretazioarekin orain arte gertatu den bezala, mugak eraiki eta debeku formalak jar ditzan. Frantziako Estatuko hizkuntza komunitate desberdinak elkarrekin borrokatu beharko dute beraz, lege hori, egoera guztien arteko erdi bide bat izan ordez, koadro orokorra eta malgua izan dadin (...).