GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ondarroako eta Mendexako auzokideek herri borondatea errespetatzeko exijitu dute

Ondarroan eta Mendexan, EAE-ANVk erraz irabazi zituen 2007ko herri hauteskundeak. Aldiz, legedi espainolaren itzalpean, EAJk zinegotzi abertzaleak baztertu eta gestorak eratu zituen bi herriak kudeatzeko.

p018_f01_148x104.jpg

GARA |

Maiatzaren 27ko herri-hauteskundeak ospatu ostean, herritarren bozkatutakoari muzin egin eta Ondarroako eta Mendexako udal gestorak eratu zirenetik lehen urteurrena bete zen atzo. Bizkaiko bi herri horietan EAE-ANVk eskuratu zuen erabateko gehiengoa, baina legedi espainolak legez kanpo utzi zituen talde abertzalearen zerrendak. Hori ikusita, gainontzeko alderdietako ordezkari gehienek ez zituzten beren karguak hartu, baina EAJk ezker abertzalea baztertu eta udalak kudeatzeko gestorak eratzea erabaki zuen.

Horiek horrela, hamabi hilabete hauetan hainbat ekimen burutu dira herri borondatea errespeta dadin aldarrikatzeko, eta urteurrena dela-eta, atzo mendi martxa eta manifestazioa egin zituzten Mendexako eta Ondarroako auzokideek.

«Gestorak Bilbon eratu ziren eta urtebete beranduago Bilbon jarraitzen dute; batzuetan Bizkaiko Aldundian egiten dira eta, beste batzuetan, Sabin Etxean, biak lotzen dituen zilbor hestean», salatu dute beren borondatea errespetatuta ikusi ez duten bi herriotako auzokideek.

Adierazi dutenez, hasiera batean inposatutako gestorak osatzen dituzten pertsonak «paraxutistak» zirela uste zuten, baina orain ez dute hori pentsatzen. «Hauek ez dira paraxutistak, kolpistak baizik!», diote.

Azken hamabi hilabete hauetan jazotakoa gogoratuz, ezker abertzaleko ordezkariek salatu dute EAE-ANVren zinegotziei beren karguak lapurtu zietela eta alderdi politiko abertzalea baztertu zutela. Aldiz, «okerragotzat» jo zuten ostean gertatu dena: «Bi udalerrien kudeaketa herriari eta herritarrei bizkarra emanda burutu da. Batzorde guztiak bertan behera utzi dituzte, eta gaur egun ez dago aukerarik udal erabakietan parte hartzeko, ez dago gestorarekin harremanerako biderik, kolpistek ez daukatelako ez borondaterik ezta ahalmenik ere herritarron arazoez arduratu eta herritarrokin lan egiteko».

Aukera paregabea

Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren kontsultaren helburua herriari hitza ematea omen den honetan, Ondarroan eta Mendexan «aukera paregabea» izan dutela uste dute, «ez herriari hitza emateko, herriak emandako hitza betetzeko baizik». Horren ordez, udalerrien buru «boto bakarra ez duten pertsonaiak» jarri dituztela salatu dute.

«Gertatutakoak frogatzen du jelkideek herriaren hitza euren interesetarako darabiltela, benetan herriaren hitzari beldurra baitiote», gaineratu dute. Honekin batera, azaldu dute «burutu duten lapurreta estaltzeko» hainbat makroproiekturen publizitatea egin dutela gestoretako kideek, baina herritarrek erantzuten dutenez, «inoiz gauzatuko ez diren proiektu horien helburu bakarra guri iruzurra egitea eta guk beste alde batera begiratzea da». Izan ere, «burutu duten iruzurra justifikatzeko, gestoretako kide bakoitza bere burua promozionatu nahian dabil etengabe; euren artean bizi den deskoordinazioari autonomia deitzen diote».

inposatzerA

«Ondarroako eta Mendexako udalerriak kudeatzera zetozela adierazi zuten, baina argi ikusi da ezker abertzalea kolpatu eta herritarrak baztertzen gaituen eredu politiko bat inposatzera etorri zirela», adierazi dute.

egitarauA

Mendexatik abiatutako mendi martxa eta Ondarroako manifestazioaz gain, txorizo eta sagardo dastatzea antolatu zuten atzorako herri borondatea errespetatzearen aldeko auzokideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo