GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sega Bizkaiko Txapelketa

Goioagak ez du hutsik egin

Herrialdeko txapela lortzeko faboritoa zen, eta 200 kilotik gorako aldea atera zion bigarren sailkatuari

p043_f02_333x333.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan, eta Goioagak jantzi zuen atzo Bizkaiko txapela. Jon Lapazaranen faltan, bera zen faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin. Jende ugari batu zen atzo Abadiñora finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Belarrak ere ez zuen inongo aitzakiarik izan.

Lapazaran zen atzo arte txapelduna, baina aurten lehiaketa utzita dago, eta bere faltan Goiaga zen faboritoa. Ez zuen hutsik egin, hasieratik bukaerara izan baitzuen kontrolpean saioa, nahiz eta hasieran saioari tamaina hartzea kosta zitzaion.

Atzetik pare samarrean aritu ziren Intxaurbe eta Gondra sailetan, baina azken honek belarra goi samarretik ebakitzen zuen, eta, jakina, kiloak behean egoten dira. Espero zen bezala, Gondra, Bizkaiko txapelketarik gehien jokatu dituen segalaria, azken postuan sailkatu zen.

Segalariek ordubete izan zuten lanerako, eta ordu hori amaitu zenean, pisaketak eta biltzaileen lana hasi zen. Garbi samar zegoen txapela noren aldera joango zen, baina pisaketetan ezusteak ere izan ohi dira. Hala ere, atzo ez zen horrela izan, sailetan nagusi zenak nahiko ongi irabazi baitzuen herrialdeko txapela.

Bizkaitarrek parte hartzen zuten lehen saioa zen atzokoa, bai behintzat txapelketa ofizialetan, eta horrek beti kezka sortzen die kirolariei, lehen saioa beti arriskutsua izaten baita, are gehiago txapel bat jokoan dagoenean. Aldiz, atzoko sailkapena ikusita, aurretik pentsa zitekeen moduan gertatu zen dena.

Ordubetean lanean aritu ostean, Goioagak jantzi zuen txapela, 1.552 kilo belar moztuta. Bigarren postuan, berriz, Intxaurbe sailkatu zen 1.331 kilo belar moztuta. Hirugarren eta azken postuan, azkenik, Gondra sailkatu zen 1.293,5 kilo moztuta.

Atzokoarekin herrialde mailako bi final jokatu dira jadanik aurten Euskal Herrian. Gipuzkoakoa Jexuxmari Ormaetxeak irabazi zuen, eta atzo jokatutako Bizkaikoa Goioagak. Araban ez da txapelketarik jokatuko, eta Nafarroakoa ikusgai dago. Euskal Herrikoa, berriz, Nafarroan jokatuko da abuztuan; azken orduko aldaketarik ez baldin bada, finala zuzenean jokatuko da. Bestetik, nazioarteko eran, Euskal Herriko Liga ari da jokatzen uneotan, eta txapelketa hori unerik interesgarrienean sartuta dago dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo