Pintxo goxoz apaindutako barra koloretsuak edonon, Donostiako Alde Zaharreko tabernetan
Zaila izaten da Donostiako Alde Zaharrean ibiliz gero, bertako taberna batean sartu eta pintxo goxoren bat probatu gabe geratzea. Barra gainak koloretsu, dotore atontzen dituzte tabernariek; horregatik, batetik bestera mokadutxoak probatuz ibiltzea gauza atsegina da askorentzat.
Janire ARRONDO
Errusiar entsaladilla, patata tortilla, piper beteak, ganba burruntzia... Eguneko edozein une da egokia Donostiako Alde Zaharreko tabernetan pintxoren bat dastatzeko. Tabernariek prestatzen dituzten barra gain dotoreek, gainera, horretarako gonbita egiten digute eta zaila izaten da sarritan ezezkoa ematea. Denetariko eskaintzak dituzten txokoak aurki ditzakegu, bakoitza bere berezitasunekin, edozer topa dezakegu pintxo eran prestatua.
Goizean goizetik ateak irekitzen dituzten tabernak egon arren, inguruko saltokiekin batera, gehienek goizeko hamaikak aldera igotzen dituzte pertsianak. Egun osoan zehar, adin guztietako jendea igarotzen da bertatik atsedentxo bat hartuz, sabelen pozgarri izango den pintxoren bat jatera.
Alde Zaharreko tabernariek aitortzen dutenez, zaila da gaur egun barra gainean berrikuntzarik jartzea. Izan ere, Donostian zenbat pintxo taberna dauden kontuan izanda, barietatea izugarria da eta beraz, berritzea ia ezinezkoa da. Lagungarrien artean ere, ez da aldaketa askorik izan azken urteetan; ardoa eta txakolina izaten dira nagusi pintxoei «bultza» egiteko.
Alde Zaharreko tabernetan, Donostiako jendeaz gain, bertara inguruko herrietatik edozein aitzakiarekin joaten den jendea ibiltzen da. Agian hoberena, bakoitzaren intuizioaren arabera, usaimenak eramaten gaituen lekuetara sartu eta bertako jakiak dastatzea izango bada ere, beren eskaintzagatik ezagun egin diren lekuetara jotzen dugu gehienbat.
Aukera ugari Alde Zaharrean
Pintxo taberna ugari daude Donostia osoan, bereziki, Alde Zaharrean. Bertan, ezaguna da, beste askoren artean, Gandarias Alde Zaharrean beteranoa den taberna. Gaina pintxoz betea izan arren, barra zabala dute; eta bertako piper beteak edo bakailao krepeak benetan deigarriak dira. Goiz Argi tabernan berriz, dastatu duen edonork oroitzen du bertako ganba burruntzia.
Bi aldiz jaso du Gipuzkoako pintxoen lehiaketan Kalitatearen Eusko Label saria Casa Vergara tabernak. Hori ez da harritzekoa, bertako barra gainean 50 pintxo baino gehiagoko aukera ikus baitaiteke. Bestetik, Alde Zaharreko klasikoetako bat da Enbeltran kaleko Joantxo taberna. Patata tortilla bokatagatik ezaguna bada ere, pintxo ederrez betea izaten dute barra gaina. Bereziak dira bertan, txakaz betetako bolatxoak. Beste askoren artean, Aralar tabernako piper beteak edo urdaiazpiko kroketak ere nabarmenduko genituzke; edo Sarriegi plazako Quinto Pino tabernako tortilla beteen barietatea; horien artean, berezia, txanpiñoia eta roquefort gazta daramana. Eta horrela, zerrenda amaigabea egin genezake.
Badira ordea, bisitarientzat horren ezagun ez izan arren, eguneroko bezero finkoak dituzten tabernak ere. Hori ez baita, izan ere, nahikoa arrazoi barra pintxo ederrez betea ez izateko.
Udako bezeroak
Udaran kanpotar ugari inguratzen da Donostiara oporraldia pasatzera. Izan ere, gauza ugari dago ikusteko eta bertako hondartzak ere gustuko dituzte askok, baina, gastronomiak ere badu hiriaren erakargarritasunean bere garrantzia. Donostiara gerturatzen direnek normalean izaten dute bertako altxor txikien berri, eta erraz ohitzen dira bertako jan eta edaneko ohituretara.
Askorentzat arrotza da pintxoak jateko hemen dagoen ohitura, baina, badirudi gehienak erraz moldatzen direla. Donostiarrek pintxoei laguntzeko, orokorrean, ardoa eta txakolina gustuko badituzte ere, kanpotarrek garagardoa edo sangria nahiago izaten omen dute. Gainera, batetik bestera ibili beharrean, nahiago izaten omen dute taberna bateko terrazan jarri eta bertan bakoitzak pintxo bat baino gehiago dastatu.