«Timber sport», Ikuskizuna, abiadura eta abilezia uztartzen dituen kirola, indarra hartzen ari da
«Timber Sport» zer den oso jende gutxik jakingo du ziurrenik Euskal Herrian. Egurraren lana da. Aizkoran, trontzan eta motozerran aritzen baitira, horiek guztiak proba batean, eta bakarka. Aizkolari euskaldunak ari dira ausartzen halako probetan parte hartzera. Gero eta gehiago.
Jon LEUNDA
Oso gutxi dira Euskal Herrian Timber Sport kirola ezagutzen dutenak, era honetako probarik ia ez baita egin euskal Herrian. Hala ere, Euskal Herriko aizkolariak gero eta gehiago ari dira kirol honetan lehiatzen, maila ona emanez, gainera, beraientzat lanik onena ez den arren.
Stihl motozerra-etxeak antolatzen duen lehiaketa da hau. Bertan kirolariek sei lan bete behar izaten dituzte, eta guztietan ongi ibili behar da irabazteko. Hasteko, aizkoran aritzen dira eta, alturan, 3,80 metrotara, enbor bat moztu behar izaten dute. Ondoren, motozerrarekin, 10 zentimetroren barruan bi epai eman behar izaten dira; bat gora eta bestea behera, baina hortik pasatu gabe. Ondoren, aizkoran, zutik enbor bat moztu behar da. Gero, trontzan bakarka epai bat eman behar da. Hori amaitutakoan, aizkoraz etzandako enbor bat moztu behar da, eta azkenik 60 zaldi potentziako motozerra batekin hiru epai eman behar dira. Gaur egun, euskaldunek lehiatu ahal izateko Espainiako edo Frantziako Txapelketetan parte hartu behar dute. Gero, horietan txartela lortuz gero, Europakoan edo Mundukoan ere lehiatu daitezke.
Gaur egun aizkolari euskaldun dezente ari da lehia horretan. Donato Larretxea, Patxi Larretxea, Vicente, Iriarte, Mandazen, Xabier Mindegia, Patxi Mindegia eta Felix Etxeberria aritu baitira. Maila nahiko ona ere ematen dute, batez ere Larretxea anaiek, Vicentek eta Patxi Mindegiak.
Orain dela aste pare bat jokatu dute Espainiako Txapelketa, eta Vicente izan zen txapeldun. Donato izan zen bigarren, eta Patxi, berriz, hirugarren. Hirurek izango dute Europako eta Munduko Txapelketan parte hartzeko parada.
Dena ordainduta
Lehiaketa horietan zerk bultzatuta ari diren galdetu, eta honakoa erantzun du Donato Larretxea nafarrak: «Nik uste dut kanpora irteteko aukera horrek bultzatu gaituela. Gero, beste gauza on bat ere badu honek. Sariez gain, dena ordainduta dagoela. Etxetik irteten zaren unetik, dena pagatuta daukazu. Bai bidaia, hotela, jana, ez daukazu gasturik, eta egiten duzuna eginda, gehiago edo gutxiago, dirua irabaztea da, edo galtzea ez behintzat, eta hori oso garrantzitsua da».
Hala ere, lehiaketa hauek alde txarra ere badutela ohartarazten du: «Dena ona ere ez da. Lehiaketetan parte hartzeko urrutira joan beharra dago. Lana ez da guretzat egokiena, eta nire ustez trabarik handiena iraupena da. Askotan lau bat ordukoak izaten dira saioak, jende asko izaten delako lehiatzen, eta hori gehiegizkoa da», azaldu duenez.
Euskaldunentzat ez da lanik aproposena, baina gaizki ere ez dira moldatzen: «Kanpotik begiratuta, badirudi aizkoran aldea atera behar diegula gainerakoei, baina ez da horrela. Enborrak txikiak eta samur-samurrak izaten dira, eta zaila da aldea ateratzea. Gero motozerrarekin ere dezente ondo moldatzen gara, baina normalean akatsa trontzan etortzen da. Hor bakarka aritu behar izaten da, eta denbora galtzen dugu gehienetan».
Europan eta munduan onenetakoak zeintzuk diren galdetuta, Donatok ez dauka zalantzarik: «Europan, Austria, Alemania, Suitza, Herbehereak, Polonia, uste dut hor daudela onenak. Munduan, berriz, Ameriketako Estatu Batuak, Australia eta Zeelanda Berria. Azken horiek dira Munduko txapeldunak. Lanak oso motzak eta azkar egin beharrekoak izaten dira, eta ez da erraza haien parean ibiltzea. Hutsik txikiena, garesti ordaintzen da», esaten du Euskal Herriko txapeldun ohiak.
Euskal Herritik kanpo ere, kirol hauek ikusmina sortzen dutela dio Larretxeak: «Lehen aipatu bezala, niretzat iraupen luzeegia dute, baina herrialde askotan lau ordu hantxe egoten dira geldi-geldirik jarrita ikusten. Europan sekulako ikusmina eta jendetza batzen dute saio hauek». Telebistak ere badu garrantzirik, eta horrek mesede egiten duela uste du Donatok: «Kirolean telebista garrantzitsua da, eta saio hauek Eurosport kateak ematen ditu. Horrek ere asko laguntzen du kirola ezagutzera emateko, eta kirolarioi ere ez digu gaitzik egiten». Bai Vicentek, eta bai Larretxea anaiek ere Europako eta Munduko Txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute, eta ez dute lehen aldia izango, izan ere, Donato, esaterako, iaz ere aritu baitzen, eta lana txukun egin zuen, nahiz eta trontzan denbora galdu zuen. Aurten ez dakite joango ote diren, ahaleginak egingo dituzte, baina Euskal Herriko lehiaketak dira beraientzat garrantzitsuenak eta egutegiaren arabera hartu beharko dituzte erabakiak.