Berezkoak
Lau bikote orekatu izango dira Baionako Masterrean
Bihar eta etzi jokatuko dituzte finalerdiak, eta finala, igandean. Partida guztiak Modernen izango dira
Jon LEUNDA | BAIONA
Lau bikote arituko dira asteazken gauetik igandera bitartean Baionan, bertako Masterrean. Binakako Txapelketaren ostean, binaka jokatzekoa den lehiaketarik garrantzitsuena da Baionako festekin batera egiten den honako torneo hau.
Berrikuntzarik ez da izango lehiaketa honetan. Akaso, batzuek Waltarik atzean jokatzeari berrikuntzaren antza hartuko diote, baina kubatarra azkenaldian hortixe ari da jokatzen. Azkenekoa, amaitu berri den Donapaleuko torneoan izan da.
Kubatarrak Etxeberri izango du aurrean lagun. Biak ongi moldatzen badira, eta bururik galtzen ez badute, oso kontuan hartzeko bikoa izan daiteke. Horiez gain, Larretxea-Ezkurra II.a, Sorhuet-Etxeto eta Ibarrola-Ozafrain, Binakako txapeldunak, izango dira txapelaren lehian arituko diren bikoak.
Lehen finalerdia, bihar bertan jokatuko dute, eta Larretxea-Ezkurra eta Ibarrola-Ozafrain bikoteak izango dira aurrez aurre. Bigarren finalerdia, berriz, etzi izango da, eta han Larretxea-Ezkurra II.a eta Sorhuet-Etxeto izango dira norgehiagokan. Finala, berriz, igande eguerdian izango da. Partida guztiak Baionan izango dira, Moderne trinketean. Bi finalerdiak, 20.00etatik aurrera jokatuko dituzte, baina finala 11.00etan hasiko da.
Biko orekatuak egin dituzte, eta garbi dago lauretako edozein izan daitekeela faborito. Hala ere, jarraitzaileak jada hasi dira beren usteak kaleratzen, eta Larretxea-Ezkurra eta Sorhuet-Etxeto jo dituzte faboritotzat.
Indartsuak
Zuraidekoak eta Urruñakoak elkar ongi ezagutzen dute eta bikote oso orekatua egiten dute. Paxkal ez dago unerik onenean, baina ikaragarrizko maila dauka eta oraindik badaki min ematen. Sorhuet eta Etxeto ere une oso onean heldu dira lehiaketara, eta txapela janzteko faboritoen artean sartu behar dira, baina finalerdietan elkarren aurka neurtuko dira. Beste bi bikoak ere ez dira baztertzekoak. Ibarrola eta Ozafrain Binakako txapeldunak dira, nahiz eta une honetan beren jokoa ez den orduko bera. Etxeberri eta Waltari, berriz, edozertarako gai dira: ikusgarri jokatzeko eta lehiaketa irabazteko gai dira, baita itxura kaskarra emanez galtzeko ere.
Larretxea-Ezkurra eta Sorhuet-Etxeto dira zaleek gustukoen dituzten bikoak, baina gainerakoak ere maila handikoak dira.