Harri-jasotzea | Laukariz
Izeta II.ak lortu du garaipena «Laukariz» harri bereziarekin jokatutako torneoan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Izeta II.ak irabazi zuen herenegun gauean Laukarizen jokatutako lehiaketa. Bertako harriarekin bost minututan lanean aritu ostean, aiarrak 16 aldiz berdindu zuen 134 kiloko harri berezia bere bizkar gainean.
Joseba Ostolatza izan zen bigarren. Zestoarrak ere Izetaren jasoaldi kopuru bera egin zuen, baina arautegia betez, Izetak irabazi zuen. Berdinketa baldin badago, pisurik txikiena duen kirolariak irabazten du, eta Izeta Ostolatza baino arinagoa denez, «Laukariz» harriaren lehiaketa beretzat izan da.
Hirugarren posturako ere berdinketa egon zen, 12 aldiz berdindu baitzuten harria Urpek eta Eizmendik, baina Urpe zarauztarrak baino gutxiago pisatzen du, eta hirugarren postua bizkaitarrarentzat izan zen.
Aizkoran, berriz, Urrezko Aizkorako txapeldunen ligako bi jardunaldi jokatu dituzte asteburu honetan, eta bietan Floren Nazabal izan da garaile. Garaipen horrekin, txapelketako faborito nagusia dela argi eta garbi utzi du.
Ostiralean Gasteizen neurtu zen, eta Olasagastiren eta ArriarenV.aren aitzinetik sailkatu zen. Herenegun, berriz, Otxandion izan zuen saioa, eta hor ere garaile atera zen. Oraingoan, Arrospide eta Lopez utzi zituen atzean.
Bestetik, herenegun arratsaldean Baigorrin jokatu zuten taldekako lehiaketa Jutsik irabazi zuen. Hainbat kirol proba egin ostean, 40 puntu batu zituen. Banka izan zen bigarren, 34 punturekin; Baigorri hirugarren, 28rekin; eta Donamartiri izan zen azkena, 16 punturekin.