GARA > Idatzia > > Mundua

22 hildako eta milaka errefuxiatu eragin dituzte uholdeek Ukrainian

Gutxienez 22 pertsonek, tartean sei umek, bizia galdu dute Ukrainiak azken ehun urteetan pairatu duen uholderik larrienean. Uraren indarrak kalte material handiak eragin ditu eta hogei mila ukrainarrek beren etxebizitzak utzi behar izan dituzte urak hartu zituelako.

p020_f01_199x132.jpg

GARA |

Euri zaparradek ez dute etenik izan Ukrainian azken egunetan, batez ere mendebaldeko eskualdeetan. Ukrainiako Larrialdi Zerbitzuak atzo jakinarazi zuenaren arabera, uholdeen eraginez 6 ume eta beste 18 pertsona hil egin dira. Gainera hogei mila pertsonek beren etxebizitzak utzi behar izan dituzte uholdeek sortutako arriskuagatik.

Azken ehun urteetan Ukrainiak jasan dituen uholderik larrienek azpiegituretan ere kalte handiak eragin dituzte. Izan ere, besteak beste, uraren indarrak 900 zubi baino gehiago bota ditu, 600 kilometro errepide hondatu dira, 30.000 hektarea laborantza-lur urez bete dira.

Urak zentral hidroelektriko baten obrak ere jarri ditu arriskuan, Dniéster ibaiak zazpi metro baino gehiago haztean ondoan duen urtegia bete zuelako.

Agintarien «babesa»

Hondamendiak mendebaldeko inguruak kaltetu ditu gehien, batez ere Ivano-Frankovsk eskualdea, 15 pertsonek bizia galdu baitute, eta kalte materialak handiak izan dira. Chernovisk ondoko eskualdean, aldiz, 7 pertsona hil dira uholdeengatik. Gainerakoetan ez da hildakorik izan, kalteak izan diren arren.

Victor Yuschenko presidente ukrainarrak uholdeek kaltetutako eskualdeetara egin zuen bisita, Yulia Timoshenko lehen ministroarekin batera. Bi agintariek beren desadostasunak alde batera uzteko apustua egin zuten, «orain batera egoteko garaia delako».

«Herritarrak ez ditugu bakarrik utziko, arazo guztiak elkarrekin konponduko ditugu», adierazi zuen Yuschenkok, Galytch hirian egindako agerraldian. Hori dela-eta, Timoshenko lehen ministroari uholdeek eragindako kalteen ebaluazioa «asteazkena baino lehen» egiteko eskatu zion Yuschenkok presidenteak, «herritarrei kalte-ordainak lehenbailehen ordaintzen hasteko».

Ivano-Frankovsk eskualdeko herritarrak elikagaiak jasotzen hasi ziren atzo, Ukrainiako Gobernuaren eskutik. Horrez gain, bertako sorosleek ur edangarria eta botikak ere banatu behar izan zituzten errefuxiatuen artean. Era berean, Larrialdietako Ministerioak atzo baieztatu zuen matxuratutako hainbat zerbitzu martxan jartzeko lanak hasi dituztela, besteak beste, argindar zerbitzua konpontzeko eta ibaiak garbitzeko.

Errumanian ere urak lau hildako eragin ditu

Lau hildako, pertsona bat desagertuta eta 11.700 errefuxiatu eragin dituzte uholdeek Errumanian. Europa erdialdeko beste herrialde honetan ere euriteak jasan dituzte azken bost egunetan, eta batez ere ipar eta ipar-mendebaldeko eskualdeetan gertatu dira kalterik gehienak.

Militar, polizia eta boluntarioen artean, guztira, 4.500 pertsona inguru, presak eraikitzen eta elikagaiak banatzen ibili ziren atzo. Maramureseko eskualdean, Errumaniako Gobernuak 200 turista mendi inguruetatik atera behar izan zituen helikoptero bidez, trenbidea hondatu ondoren babes bila mendira jo zutelako.

Bestalde, Lazar Comanescu Errumaniako Kanpo Harremanetarako lehen ministroak agintari ukrainarrekin lankidetza estuago bat izatearen aldeko jarrera agertu zuen atzo, hain zuzen ere, bi herrialdeetako hondamendiak elkarrekin kudeatzeko helburua hartuta. Izan ere, «ibaien egoerari buruz ez digutelako informaziorik ematen» adierazi, eta Errumaniako agintariak Ukrainiako Gobernuaren kooperazioa eskatu zuen. Errumaniako hainbat nekazarik ere Ukrainiako agintariei leporatu zieten ibaien egoerari buruz ez dietela inolako informaziorik helarazten. GARA

900 zubi

Uholdeek kalte material handiak eragin dituzte Ukrainian: 900 zubi erori dira, 600 kilometro errepide baino gehiago kaltetu, argindar zerbitzua eten egin da, gutxienez 40.000 etxebizitza urez beteta...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo