GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Ezker abertzalearen aurkako erasoa

Ino Galparsoro aske geratu da 30.000 euroko fidantza ordainduta

Ino Galparsorok, hiru hilabete espetxean pasa ostean, atzo iluntzean utzi zuen Soto del Real espetxea. Atarian zain zituen senide eta lagunak. Eguna luzea izan zen beraientzat, eguerdian jakin zuten Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak aske uzteko agindua eman zuela, baina aurretik 30.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten. «Indartsu eta etxera itzultzeko gogoz» zegoela nabarmendu zuten espetxe aurrera bildutakoek. 

p004_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI | DONOSTIA

Ino Galparsoro Arrasateko alkateak atzo gauean utzi zuen Madrilgo Soto del Real espetxea, 21.20ean. Ordurako espetxe aurrean zain zituen bere senide, lagun eta zinegotzi kideak, eta besarkada artean egin zituen askatasunean lehen pausoak. Tartean zegoen Xabier Zubizarreta alkate ohia. «Indartsu eta etxera iristeko desiratzen dago», adierazi zion   GARAri Euskal Herrira bidean zirenean. Galparsororen senide eta lagunentzat espero zitekeen sorpresa izan zen; «gisa honetako sorpresak hartzeko egun guztiak dira onak», nabarmendu zuten. Herrian ere aurreikusita zegoen lehen harrera egitea.

Ordu batzuk lehenago, Iñigo Iruin abokatuak adierazi zuenez, atzo 13.45 aldera jaso zuten Pedrazen erabakiaren jakinarazpena, eta segituan egin zituzten
fidantzaren ordainketa eta gainerako gestioak. 

Ez zituen ezustean harrapatu, Iruinek uztailaren hasieran egindako eskaera bati erantzuten baitio erabakiak. «Une honetan espetxeratze aginduaren kontrako apelazio errekurtsoa tramitatzen ari zen –aurretik erreformako errekurtsoa jarri zuten, eta Garzonek ezetsi egin zuen–; baina bitartean, pasa den uztailaren 10ean, beste eskaera bat egin genuen bere garaian kartzelatzeko kontuan hartzen ziren arrazoiak ez zirela agertzen eta aske geratzeak ez zekarrela arriskurik esanaz». 30.000 euroko fidantza ezarrita, Arrasateko alkatea aske uzteko eskaera pasa den astean egin zuen fiskalak, baina azken egunetako polizia operazioak atzeratu egin du erabakia.

Autoan zehazten denez, Galparsorok auzitegira sinatzera joan beharko du hamabostero, pasaportea utzi beharko du, eta ezingo ditu Estatu espainoleko mugak zeharkatu.

Pasa den apirilaren 30ean espetxeratu zuen Baltasar Garzon epaileak Ino Galparsoro «EAE-ANVren jarduerak eteteko agindua urratzea» eta «talde terroristarekin kolaboratzea» leporatuta. Gisa horretan amaitu zen bi hilabete eskas lehenago, martxoaren 7an, Isaias Carrasco PSOEko zinegotzi ohia ETAk hil ondoren Galparsororen aurka abiatu zuten jazarpen kanpaina.

Arrasaten hasi, eta ondoren beste udal batzuetara zabaldu zen «mozio etikoa» izan zen kanpainaren abiapuntua. EAJk eta PSEk aurkeztutako mozioan, besteak beste, gobernu karguetan dimisioa aurkezteko eskatzen zieten ETAren indarkeriaren gaitzespena adierazten ez zuten zinegotziei. Bi alderdiok bultzatutako testuak ez zuen aurrera egin, ordea, soilik bi alderdi horiek eman baitzioten aldeko botoa Arrasaten.

Sei egun geroago Galparsoro Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu zuten. Bezperan oraindik ez zekiten ondo zergatik zen deialdi hori, baina salatu zuten, mozioen bidez lortu ez zutena, «Garzonen bidez, Auzitegi Nazionalaren bidez», lortu nahi zutela.

Apirilaren 30 hartan Galparsoro goizean goiz sartu zen epaitegian eta eguna bertan pasa ostean, gauean, Garzon epaileak baldintzapeko kartzelatzea agindu zuen Arrasateko alkatearentzat. Soto del Real espetxera bidali zuen «EAE-ANVren jarduerak eteteko agindua urratzea» eta «talde terroristarekin kolaboratzea» egotzita.  Halaber, Arrasateko udaletxean miaketak egin zituen poliziak.

Erabaki horrek makina bat mobilizazio eragin zituen, besteak beste, maiatzaren 8an Arrasaten egin zen greba orokorra.

Galparsororen atxilotzeak era berean, asko aldrebestu zuen gobernu taldearen jarduna. Alkateordeak, Oihana Aranburuk, hartu zuen alkatetza, haren ordezko gisa, eta ezker abertzaleko zinegotziak Talde Mistora pasatu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo