Inazio Larrañaga Jainko Esperientziaren topaketen eta Otoitz eta Bizitzaren lan-taldeen sortzailea
Inazio Larrañagak Jose Antonio Pagolari gutun irekia
Izarraitzen neurriko «zorionak», dogmatismo kristologikotik eta doktrinatze orotik aldendu zarelako
Jose Antonio maitea,
Grazia eta Bakea. Auskalo zenbat gutun hartuko zenituen. Makina bat bai. Horien artean, hona hemen miresten eta estimu handian zaituen irakurle ezezagun baten hitzak. Beste kontinente batean nintzela, nire hemengo lagunek «Jesus», zure liburua, bidali zidaten. Bat-batean harrapatu ninduen. Ikaragarri dakizu, baina horrek ez du inola ere iluntzen gaiaren argitasun zuzena. Jesus hurbil sentitzen du irakurleak, berez den bezalakoa. Orriz orri zenbat eta gehiago aurreratu orduan eta beroago Jesusekiko sugarra.
Argi antzeko zerbait da: indarrik egin gabe irakurtzen da. Irakurlea etengabe harrapatzen du liburuak eta, naturaltasun osoz, hor agertzen zaigu, gero eta hurbilago, benetako Jesus bat, egiazki sinesgarria. Mamiaren muinari heltzen diozu eta ez zara katramilatzen ñabardurak zehaztu beharrean. Naturaltasun osoz, faza arrastorik gabe eta alferrikako ahaleginetan jausi gabe, adierazten diguzu «berri ona», Jesusen «nobedadea» esango nuke nik. Irakurlea piztu eta liluratzen duzu.
Izarraitzen neurriko «zorionak», dogmatismo kristologikotik eta doktrinatze orotik aldendu zarelako; eta Jesus haragizko eta historikoagana «hurbildu» zarelako, argi egiten, salbatzen gaituenarengana eta gure bizitzak pozten dituenarengana gerturatu zarelako. Zorionak, halaber, «emakumea» Jesusek jarri zuen lekuan ipintzeagatik: alegia, Salbamen Egitasmoaren muin-muinean.
Zuk zeuk balio sorta bat erantsi duzu liburuan: benetan idaztea, esaten duzuna neurtuz, argi hitz eginez, apal mintzatuz... ez zara egitura zaharkituak aizkora kolpez botatzen dituen ikonoklasta; aurrerakuntzaren baitan neurrigabea da zure begirunea eta betidanikoa zure neurritasuna. Azken batean, teologiko dena gainditu egiten duzu, are historiko dena ere, eta Bera hurbiltzen diguzu. Aparta! Jesusi buruz irakurri dudan onena.
Hemen bizi diren nire lagunek «Jesus» zure liburuari buruz Espainian zabaldu diren iritzi guztiak ekarri dizkidate, batez ere ezkorrak. Esan didatenez, asko sufritu duzu horiengatik. Nik ere bai. Nire baitan sinetsita nago betiko «adituen» erreakzio emozionalak direla, zure mailara iritsi nahia edo inbidia adierazten dutenak. Oso ondo eutsi diozu zureari. Ni, ostera, ahoa itxi eta isilik eta bakean geratuko nintzen.
Ez dakit zer izango den zuzendu dizuten edo zuzenarazi dizuten «kontu» hori. Eskuratuko dut beste argitalpeneko liburua ere. Azio umiliagarria iruditzen zait; baina umilarentzat ez da umilazio posiblerik. Argi daukadan gauza bakarra honakoa da: zenbat eta makurragoa izan egin dizuten edo egin diezazuketen fariseu-eskandalua, orduan eta zutigarriagoa izango dela zure «Jesus» Jainkoaren herriarentzat. Poztu zaitez!