Laura Mintegi Idazlea
Kartzelak berdintzen gaitu
Badakite 169 presok zigorraren hiru laurdenak beteak dituztela eta 44k zigorra oso-osorik beterik dutela; eta kalean egon behar dutela dagoeneko. Badakite gauza bera gertatzen dela gaitz larria duten 10 presoekin.
Josune Aristondok idatzi du artikulu batean, Anjel Lertxundi aipatuz, «zeharo lausotua da euskal munduaren irudia erdal esparruan; euskal mundua anitza eta plurala den arren, erdaldun askok monolitiko samar ikusten gaituzte kanpotik». Aristondoren eta Lertxundiren ardura ulertzekoa da. Euskaraz idatzitako liburu guztiak, esaterako, kategoria berekotzat jotzen dira hizkuntza berean idatzita egote hutsagatik: apal bertsuetan pilatzen dira, «temas vascos» epigrafepean, fikziozko narratiba, filosofo klasikoaren itzulpena edo neurologiari buruzko tratatua.
Antzeko gauza gertatzen da kartzelarekin. Pistola bat inoiz ikusi ez duten adiskideak ditut kartzelan, eta orain erdal munduaren begietan CPPVko kideak dira; Colectivo de Presos Políticos Vascos. Batzuek informazio-enpresak sortu zituzten, beste batzuk kazetariak dira, badago kartzelan dagoena hautesleen botoak bereganatu zituelako hauteskunde kamutsetan, edo desobedientzia zibila praktikatzen duen bakezale amorratuak... ez du ardura zergatik hartu zituzten preso: euskaldunak dira eta kartzelan daude. Kito. Preso politikoak dira, euskal presoak alegia.
Behin kartzelan egonik, lausotu egiten dira kartzelatzeko arrazoiak. Lausotzen da erdaldunen begietara eta lausotzen da senideen dinamikan. Preso guztien senideak elkarrekin doaz kartzelara, autobusa, autopistako kafetegia eta istripuak konpartitzen dituzte, eta denek ezagutzen dute hurbiletik espetxe politikaren azpimundua, injustizia. Bonba bat ipini edo euskalgintzan jardun, kartzelan daude euskal preso politikoak. Eta senideek esperientzia berberak dituzte.
Ez dakit ohartu diren DGIPeko arduradunak (Dirección General de Instituciones Penitenciarias) nola ari diren hedatzen -eta gotortzen- euskaldun menderaezinen eremua. 730 preso eta iheslari bakoitzeko bospasei senidek gutxienez, bospasei adiskide eta bospasei lankidek ezagutu dute espetxe politikaren gehiegikeria.
Badakite 169 presok zigorraren hiru laurdenak bete dituztela, eta 44k zigorra osorik beterik dutela; eta kalean egon behar dutela dagoeneko. Badakite gauza bera gertatzen dela gaitz larria duten 10 presoekin. Eta etxean egon ordez, kartzelako erizaindegi ankerrean bizi dira.
Preso bakoitzeko hogei pertsonak bisita egin, edo gutunak idatzi edo lagunaren berri jasotzen dute, eta badakite zer diren sufrimendua eta elkartasuna. 15.000 pertsona hauek (eta azken 40 urtean beste asko) engainagaitzak dira dagoeneko. Ez dute edozein konponbide onartuko. Klub honetako kide izateko gauza handirik ez dela egin behar jakin dute. Esperientziak esaten die, gainera, edozein unetan bihur daitezkeela azpimundu horretako kide, erraz asko atxilotu baitezakete bikotekidea, seme edo alaba, gurasoa edo norbera.
Eta behin kartzelan egonez gero, denak dira preso, euskal presoen kolektiboko partaideak, izenburu bakarra pluralak eta ezberdinak diren euskaldun askorentzat. Presoa izateagatik, euskalduna izateagatik.