GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EAJk Guggenheim Urdaibain «inposatzea» onartezina dela salatu du ezker abertzaleak

Busturialdeko ezker abertzaleko 50 hautetsik salatu dutenez, EAJk Guggenheim «merkataritza-frankizia» Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erdigunean «inposatu» egin du herritarren iritzia kontuan hartu gabe.

p017_f02_148x104.jpg

Manex ALTUNA |

Ekainaren amaieran Bizkaiko ahaldun nagusia Jose Luis Bil-baok Guggenheim museo berri bat Urdaibain eraikitzeko egindako iragarpena «onartezina» dela salatu du ezker abertzaleak. Busturialdeko ezker abertzaleko 50 hautetsik -bertan izan ziren besteak beste, Ajangiz eta Gautegiz Arteagako alkateak- agerraldia egin zuten astearte arratsaldean Sukarrietako kolonien aurrean eta adierazi zutenez, EAJk herritarrei «mespretxu» egin die proiektu horrekin.

Idoia Fernandez Gernikako zinegotzi independentistak eta Ainhoa Madariaga Foruko hautetsiak azaldu zutenez, joan den otsailean eskualdeko milaka herritarrek, gehiengo sindikalak eta hainbat talde politikok gutun bat helarazi zieten hainbat administrazio publikori.

Idazki horretan beren «ardura» eta Busturialderako garapen orekatu eta iraunkorrerako alternatibak aurkeztu zituzten, baina batez ere «elkarrizketa eta herritarrekin elkarlanean aritzea» eskatu zuten.

EAJk, zehazki Bizkaiko ahaldun nagusiak emandako erantzuna ordea, Urdaibain Guggenheim museo berri bat «in- posatzea» izan da salatu zutenez. «Sekretismoz, intolerantziaz eta marjinazioaz baliatuta ezartzen zaigun ezer ezin dugu onartu. Hori aurpegi gogorra izatea eta gizarteari errespeturik ez izatea da», esan zuten eledunek.

Are gehiago, ezker abertzalearen iritziz, museo berria eraikitzeak ez luke Urdaibaiko garapen sozioekonomikoaren egoe- ra «larria» konponduko.

Salatu zutenez, azken 25 urteetan Busturialdean gertatu den gainbeheraren erantzule nagusia EAJ bera izan da «erakunde publiko guztietan gobernatu duena izan delako».

Horren harira, gogor kritikatu zuten alderdi jeltzaleak ez duela «borondate politikorik» izan «garapen iraunkor orekaturako» dagoen alternatiba -1989an eta 1998an Gasteizko Legebiltzarrean onartuak izan ziren- abian jartzeko «bere espekulazio nahien aurka doalako».

100 milioi euroko gastua

Urdaibain Guggenheim berri bat ezartzeak 100 milioi euroko kostua izango du antza. Ezker abertzaleko ordezkarien ustez, diru hori 1998an onartu zen programan inbertituko balitz eskualdea «sozialki, ekonomikoki eta kulturalki modu orekatu, iraunkor eta solidarioan garatuko litzateke».

Alde horretatik, Bilbaok egindako iragarpenak «turismoa eta zerbitzuak» dituela eredua esan zuten eta garapen ekonomiko hori «antisoziala eta defendaezina» dela. «Gure dirua, garapen solidariora bideratu beharrekoa, Guggenheim frankiziaren esku pribatuetara pasatuko da», salatu zuten.

Ezker abertzalea, boz kopuruari dagokionez, eskualdeko bigarren indar politikoa dela gogorarazi zuten eta, hori dela-eta, Busturialdeko garapen ekonomikoaren ereduan EAJ-k «aldaketa» proposatzen badu, bere garaian onartu zen «parte-hartze metodologia berarekin» tratatu behar dela adierazi zuten.

GARAPENA

Ezker abertzalearen iritziz, Guggenheim museoak ez du «konponduko» Busturialdeko «egoera larria», EAJ-k egiten duen garapen sozioekonomikoaren aldeko apustua «antisoziala» baita.

ELKARLANA

Eskualdeko eredu ekonomikoan «aldaketa» egin nahi bada, ezker abertzaleko hautetsien ustez, «parte-hartzea oinarri duen metodologia erabilita eta elkarlanean» egin beharra dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo