GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Euskadiko Txapelketa

Urdaibaik bizkaitarren erreinua luzatu nahi du

Iaz Donibane Lohizunen Euskadiko Txapelketa lehen aldiz irabazi ostean, bermeotarrek segida eman nahiko diote aurreko urtean irekitako bideari

p041_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Euskadiko Traineru Txapelketak beste ekitaldi bat izango du gaur Lekeitioko uretan (12.00, ETB-1). Ekitaldi berezia izango da, historian lehenengoz, eta Gipuzkoako Txapelketan urratutako bideari jarraiki, emakumezkoek ere lehiaketan parte hartuko baitute. Gizonezkoen artean, Urdaibai iaz Donibane Lohizunen lortutako titulua errepikatzen saiatuko da.

Uretaratzen lehenak emakumeak izango dira. Zumaia-Getaria, Hondarribia, Tolosaldea eta Arkotek osatuko dute nesken txanda bakarra eta estropada bi ziabogatara jokatuko dute, aurreko astean Donostian egin bezalaxe. Zumaia-Getaria da Gipuzkoako txapelduna, baina ez da ahaztu behar Hondarribiarekin lehia oso estua izan zutela azken paladara arte. Bi horiez gain, ikusi egin beharko da Arkotek zer maila ematen duen, Bizkaian ez baitute traineru txapelketarik egin. Daukagun erreferentzia bakarra ekaina bukaeran, Zaragozan, Gipuzkoa eta Bizkaia artean jokatutako desafioa da. Orduan gipuzkoarrek irabazi zuten.

Gizonezkoen aldetik, lehenengo txandan Isuntza, Arkote, Hondarribia eta Zumaia arituko dira, Bizkaiko eta Gipuzkoako Txapelketetan hirugarren eta laugarren postuetan geratu ziren ontziak. Interes gehien piztuko duen borroka etxeko taldeak Arkoterekin izan dezakeena da, irailean jokatu beharreko balizko kanporaketari begira.

Faborito nagusiak Ohorezko Txandan irtengo dira: Urdaibai, Kaiku, Orio eta San Pedro. Urdaibai da egungo txapelduna eta San Miguel Ligako liderra. Estropada Bizkaian jokatuta, gainera, faboritotzat jo behar da «Bou Bizkaia». Bestalde, Orio gai da egun bakarrera edonor garaitzeko. Kaikuren maila ikustea ere interesgarria izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo