Hermanen «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» filma Donostian estreinatuko da
John Boynek idatzitako «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» eleberria Mark Herman zuzendariak zinemara eraman du. Nazioarteko lehen estreinaldia Donostian izango da, Zinemaldiaren barruan.
GARA | DONOSTIA
Mark Hermanek zuzenduriko «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» filma Donostiako Zinemaldian estreinatuko da lehen aldiz mundu osoan lehiaketatik kanpo. Hasiera batean, Donostiako Zinemaldiak eta Buenavista/Disney-k filma Sail Ofizialean aurkeztuko dela zehaztu badute ere, lehiaketatik kanpo izango da. Hala ere, atal horretako bi edo hiru film Sekzio Ofizialerako aukeratzen direnez, filma aurkeztu egingo da.
«Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» Britainia Handiaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko ekoizpena da eta Mark Hermanek zuzendu du. Zuzendari honek aurretik honako film hauek egin ditu: «Brassed Off» (1996), «Little Voice» (1998), «Purely Belter» (2000) eta «Hope Springs» (2003). Ekoizlea David Heyman izan da, Miramax-entzat Harry Potteren film sorta ekoitzi zuena, eta gidoilariak eleberriaren egilea bera, John Boyne, eta Mark Herman izan dira.
Honako aktore hauek hartu dute parte irailean estreinatuko den filman: David Thewlis, Vera Farmiga, Rupert Friend eta Asa Butterfield mutikoa. 1942ko Berlinen girotua, kontzentrazio-esparru bateko hesiaren alde bietan bizi diren bi mutikoren arteko adiskidetasunaren istorio zoragarria kontatzen digu. Brunok (Asa Butterfield) bederatzi urte ditu eta ez du ezagutzen «Azken soluzioa» edo holokausto hitzen esanahia. Ez daki zein ankerkeria egiten ari den bere herrialdea Europa osoko beste herrietan. Bere aitak (David Thewlis) lanean gora egin duela besterik ez daki, eta Berlingo etxe eroso batean bizi ordez, orain, isolatutako eremu batean bizi dela, eta han ez dagoela zer egin edo norekin jolastu.
Egoera hori, ordea, guztiz aldatuko da Shmuel (Jack Scanlon) ezagutzean. Mutiko horrek bizitza arraro eta paraleloa du hesiaren bestaldean, eta han bizi diren guztiek bezalaxe, uniforme bitxia janzten du, pijama marradun baten antzekoa. Bruno eta Shmuelen arteko adiskidetasunak haien haurtzaroko tolesgabetasunaren amaiera markatuko du.
Filma John Boyne idazle irlandarraren eleberrian oinarrituta dago. 2006an argitaratu zen eta azken urteetako idazlanik arrakastatsuenetakoa bilakatu dela esan daiteke. Orain arte hiru milioi ale baino gehiago saldu dituzte, eta hogeita hamalau hizkuntzetara ere itzuli dute. Euskaraz ere irakurgai dago Alberdaniaren eskutik.
«Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» egin duen taldea Gipuzkoako hiriburuan izango dela jakinarazi dute, filmaren nazioarteko estreinaldian. Dena den, Euskal Herria bisitatu aurretik, nazio mailan Londresen eta, idazlearen jaioterrian, Dublinen ere estreinatuko da.
Beste eleberri bat
John Boyne idazle irlandarra lau eleberriren egilea da, baina arrakasta «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa»rekin iritsi zitzaion. Bizipen bera sentitze aldera, udaberrirako «Motín en la Bounty» izeneko eleberri berri bat kaleratuko duela iragarri du. Gaztelaniaz irailaren 23an emango da argitara historiako itsas errebolta ezagunaren ikuspegi errebisionista eskaintzen duen liburua.
Boyne John Jacob Turnstile-ren azalean agertuko da. Hamalau urteko gaztea poliziarekin hainbat arazo izan ostean, kartzelatua izateko arrisku larrian dago, baina orduan konpondu berri duten ontzi batean sartu eta ihes egiteko proposamena jasotzen du. Bidaian William Blight kapitaina ezagutuko du eta Tahitira bidean abiatuko dira. Itsasontziko bidaian erlazio pertsonalak protagonistek duten boterearen nahiarekin nahasten dira.