Ben Ali presidentea bere bosgarren agintaldirako aurkeztuko da Tunisian
Beste bost urte agintean jarraitzeko aukera izan dezake Ben Ali Tunisiako presidenteak, atzo bere burua aurkeztu baitzuen 2009. urteko hauteskundeetarako. Oposizioak eta nazioarteko hainbat erakundek, Ben Ali «diktadoretzat» jo, eta salatu egin dute haren erabakia.
GARA |
Tunisiako presidentea den Zine el Abidine ben Ali-k bere burua 2009. urteko hauteskundeetara aurkeztea erabaki duela jakinarazi zuen atzo, bere alderdiko jarraitzaileen txaloen artean. Modu honetan, hauteskundeak irabaztekotan, bosgarren agintaldia beteko luke Ben Alik, Tunisian 1987. urtea ezkero bera baitago agintean.
Batzar demokratiko eta konstituzionalaren RCD alderdiak egindako biltzarrean egungo presidenteari konfiantza berretsi zioten RCDko kideek. Ben Alik «Tunisiara ongizatea eta aurrerakuntza ekartzen jarraituko duelako» hautatu zuten alderdikideek. Tunisiako presidenteak 21 urte darama agintean, eta hurrengo urteko hauteskundeak irabaziko balitu beste bost urte beteko lituzke Gobernuaren buru izaten. Horretarako, Ben Alik 2002. urtean Konstituzioan aldaketak egin behar izan zituen, aurreko Konstituzioak presidente bakoitzari bakarrik hiru agintaldi betetzea onartzen zizkiolako. Gainera, presidente izateko adin muga ere aldatu egin zuen, 70 urtetik 75era, botereari «bizitza osoan» eusteko helburuarekin.
«Beste iruzur bat»
2004. urteko hauteskundeetan botoen %94 jaso zuen Ben Alik, datu ofizialen arabera. Oposizioko kideek bozketetan iruzurra egon zela salatu zuten, baina horrek ez zuen eragotzi Ben Aliren laugarren Gobernua.
«Alderdi baten ordezkariak bere burua hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, gutxienez bi urte bete beharko ditu alderdi horren presidente izaten». Gobernuak sortu berri duen lege horrek eztabaida handiak eragin ditu Tunisian. Ahmed Nejib Chebbi, oposizioko alderdi nagusiaren ordezkariak ezin izango du bere burua aurkeztu hurrengo urteko hauteskundeetara, hain zuzen ere, baldintza hori betetzen ez duelako. Oposizioak lege hori Chebbirentzat zuzenean eratua izan dela salatu du, «beste iruzur bat egiteko asmoz».
Tunisiako presidenteak, bere aldetik, «eraikuntza demokratikoan» jarraitzeko borondatea duela adierazi zuen atzo. Ben Alik ukatu egin zituen berari leporatutako ustezko iruzur horiek, bere Gobernuak aldatutako «Konstituzioaren babesa» duelako. Nazioarteko ikuskatzaile eta erakunde ugarik zalantzan jarri dute Tunisiako Gobernuaren zilegitasuna, eta Tunisian «diktadura» batean bizi direla salatu dute.
21 urte beteko dira estatu-kolpe baten bitartez Ben Ali boterera iritsi zenetik. Gobernuz Kanpoko hainbat erakundek Tunezen oinarrizko eskubideak betetzen ez direla salatu dute.