GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Musikari Vs Negozioa. Non dago kultura?

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Euskal Herrian musikari gutxi bizi da musikak ematen dion diruarekin. Legeak horrela behartuta, norberaren datuekin betetzen ditugunean legezko paperak (nortasun agiria...), lanbideari dagokion hutsunean zenbatek idatzi du musikari? Eskarmentu handiko musikariak ditugu, trebe eta iaioak ere bai, baina zenbat musikarik du lanbidez musika? Bere esanahi zabalenean rock eta folk musika motak kontuan hartuta, zenbat musikari, musika egile edo musika sortzaile bizi da musika egitetik edo bere musikak sortzen dituen etekinetatik? Gutxi batzuk. Hauetako zenbat bizi da diskoen salmentak uzten dituen irabazietatik? Ia inor ez. Diskoaren euskarri fisikoaren salmenta ezak krisialdia ekarri du disko etxeetara. Musika doan aurki daiteke Interneten, baita ordainduta ere. P2P softwareak sarean iraultza erraldoia sortu zuen eta Administrazioak (botereak) neurri zapaltzaile eta zigortzaileetan inbertitu du denbora (DRMak, isunak...) benetako irtenbideetan baino. Askok esan dezake irtenbide zigortzailea dela eraginkorrena. Oro har, esan daiteke musika doan entzuteko joerak irabazi duela industria erraldoiak berak jarritako joko arauen arabera. Multiek dirua nahi zuten, eta egin zuten egin CD euskarria asmatzean, eta euskarri honek ekarri die irabazien zutabea ia ezerezean uztea. Azken boladan zabaldu da salbatzaile berri bat datorkigula eta Internet bera izan daitekela. Musika digitalaren hazkundea nabaria izan da, baina Internetek ez du musikagintzaren etorkizuna aurrera aterako. Musika digitalak ia 2.000 milioi euroko irabaziak utzi zituen 2007an. Eta hori zer da garai ez urrun batean, 1998an, CDak uzten zituen 120.000 milioi eurorekin alderatuta? Zerk edo nork aterako du bere krisialditik diskogintza? SGAEren kanonak, bederen, ez. Eta, bidenabar, aprobetxatu kanonari ez esateko, SGAE bulegoaren eta musikaren elite batentzat bakarrik izango baita onuragarri. Maila guztietako musikariek zuzenekoetara baino ez lukete begiratu beharko. Batzuetan irabaziekin eta besteetan joandakoarekin itzultzeko. Negozioa egotekotan, musikariak bere soinean daraman musikarekin aterako du. Negozioari inoiz interesatu zaio musikaria? Dirua egiteko makinak ziren disko etxeek gehiago begiratu izan diote makinaren osasunari musikariaren eztulari baino. Non ezkutatu da kultura? Kultura ofiziala makinaren osasunaz arduratu da. Kultura ofizialaren negozioak osasuntsu bizi izan dira. Ez ofiziala eta ez negozio den kulturaren aztarnarik geratzen zaigu Euskal Herrian?

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo