Kronika | Baionako bestak
Herriko gakoak balkoitik behera jausi bezain laster, zabaldu da besta giroa
Herriko gakoak bota zituzten atzo gaueko hamaikak aldera Baionako besteei ongietorria emateko. Hala, urtebetez lotan egon den Leon erregea bere isiltasunetik esnatu zen. Herriko etxeko balkoitik Maiana Irigoienen bertsoa zabaldu zen, Jean-Michel Larquen olerki gaskoiarekin batera. Herriko plaza nagusia zuriz eta gorriz jantziriko jendez eta jaien irrikaz bete zen.
Ainize BUTRON
«Besta on denoi» frantsesez zabalduriko agur horrekin eman zioten atzo gauean hasiera ofiziala Baionako besteei. Herriko etxeko balkoian, gaueko hamarrak aldera jarrita zuten hitzordua ate irekitze ofiziala bertatik bertara ikusteko irrikaz zeudenak. Askatasun Plazan, zuriz eta gorriz jantzitako milaka jende bildu zirelarik, besta giroan eman zioten ongietorria Leon erregeari. Txistuak eta txaloak nagusitu ziren, eta, tarteka baten batek xanpain botila irekitzeko aukera ere izan zuen.
Leon erregea bertan zaindari zela, herriko agintariekin urteroko zeremonia egin zen balkoian. Lehen hitza Maiana Irigoien bertsolariari eman zioten. Bestei ongietorria bi bertsoren bidez eman zien berak, eta, Jean-Michel Larquek hartu zuen hitza segidan, gaskoiz olerki bat irakurtzeko. Aurten Estatu frantseseko maila nazionalean jokatzea lortu duten Baionako futbol taldeko jokalariak ere bertan izan ziren, eta herritarren agur beroa jaso zuten.
Jaien ate irekitze ofizialaren ekimen nagusia balkoitik ga- koen botatzea izan ohi da. Urtero pertsona ospetsu batek egiten du, baina aurten bi izan ziren, batera: Amelie Mauresmo tenislaria eta Jean-Michel Apatie kazetaria. «Besta on» handi bat herritarrei zabalduz bota zituzten gakoak, eta ekitaldia behar bezala amaitzeko su artifizialak bota ziren Reduit Plazatik.
Lasterketatik bestara
Ekitaldia amaitua izan arren, jai giroan jarraitu zuten bertan, eta askok azaldu zuten lau egunez besta egiteko grina. Nolanahi ere, herritar askok ez zioten itxaron ate irekitze ofizialari besta giroan barneratzeko. Eta, horretarako izan zuten zereginik franko atzo goizaldean aukeran zeuden ekitaldi ugarietan.
Azken sei urteotan Biarriztik Baionara arte hamabi kilometroko lasterketa antolatu izan dute, eta, atzokoan, goizeko bederatzietan hiru mila bat lagunek ekin zioten korrika Biarriztik Baionara. Bestan murgildu aurretik gorputza azkartzeko gogoz dabiltzanentzat antolatua, lasterketan era askotako parte-hartzaileak izan ziren.
Kirolzale amorratuekin batera, besta giroa lasterketara zabaltzeko asmoa zuten beste asko ere han ibili ziren, baten batzuk mozorro eta guzti. Goiz izan arren, jada sumatzen zen bero jasanezin halako bat, eta, Baionako helmugara heltzean neguko inauterietarako aproposago den lehoi mozorroa eraman ezinik ibili zen bat. Beste batzuk, berriz, lapur jantzi freskoekin agertu ziren. Goizeko hamarrak ziren lehen korrikalariak iritsi zirelarik, eta, urtetik urtera haziz joan den arrakastaren ispilu izan zen helmuga. Baiona eta inguruetako parte-hartzaile bakar batzuetatik at, Bordele, Paue eta Estatu frantseseko beste hainbat herritako lagunak bertaratu ziren. Irabaz- leak, hain zuzen ere, Pauekoak izan ziren.
Lasterketa ez zen izan goizeko ekitaldi bakarra, merkatuko plazan piper tortillaren munduko txapelketa egin baitzuten. Hogeita lau elkarte bildu ziren bertako jai giroan tortilla hoberena egiteko prest.
Tortilla egileek ere mozorrotzea aukeratu zuten, baina, lasterketan ez bezala, hauek trufari eman zioten lehentasuna. Elkartekide gehienak aurreko urteetan jadanik parte hartu zuten lehiaketan, eta, guztiek bat egin zuten esateko, gehienbat, besta giroarekin gozatzearren inguratzen zirela. Ekimenaren izenburuak, «munduko txapelketa», bertan sortzen zen giroa azaltzen zuen, hain zuzen. Hazparneko Idiak elkarteak lortu du aurreko hiru edizioetan lehiaketaren txapela. Eta, atzo, bertan ziren elkarte guztien helburua azken horiek irabaztea izan zen. Horrela aritu ziren bi orduz, umore onez batak besteari orroka eta irainka, azkenean, berriz ere, Idiak txapela lortu zuela ikusi arte. Lehiakideekin batera tortilla erraldoia ere egiten ari ziren, bertaratu ziren herritar guztiek apairua preziatzeko aukera izan zezaten.
Egitarau horrekin, beraz, lekuko herritarrak besta giroan barneratzeko aukera izan zuten. Eta, gaur izango da jaietako benetako lehenengo eguna. Goizetik arratsera etengabe ekitaldietan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, eta, ohitura den bezala, haurrak izango dira nagusi gaurkoan.
Goizeko desfile, danborrada, zezenketa eta beste ekitaldi guztiak haurrentzako prestatu dira. Eta, eguerdian, Poterne gunean apairu erraldoia izango dute, besta behar bezala ospatzeko.