Preso eta iheslarien omenezko eguna ospatu dute Pasai Donibaneko festetan
Luze samarrak dira Pasai Donibaneko jaiak. Urrun da uztailaren 24an herriko aiton-amonek bota zuten txupinazoa. Zenbat dantza, irri eta salto egin ote dute festazaleek ordutik! Festei hurren arte esateko garaia ailegatu da orain, ohi bezala, gauez badian danborrak astinduz.
GARA |
Santiago jaietako egun politenetako bat igaro zuten atzo Pasai Donibanen: Preso eta Iheslarien Eguna. Gauerdian plazan elkartu ziren, eta frantziar eta espainiar espetxeetan sakabanatuta edota erbestean dauden euskal herritarren oroimenezko ekitaldia egin zuten. Aurreskua dantzatu zuten lagun hauen guztien omenez, eta ondotik, plaza osoa dantzarazi zuen Oihergi taldeak.
Baina gaueko hamabiak iritsi arte makina bat ekintza izan zen kostaldeko herri honetan gozagarri. Eguna esnatzeko, diana jo zuten Melpin, eta toki beretik buruhandiek karrikaz karrika puxikekin jendea zirikatuz egin ohi duten ibilaldiari ekin zioten. Trial erakusketa izan zen plazan, eta marmitako goxoena nork prestatuko aritu zen hainbat eta hainbat sukaldari aiton-amonek antolatutako txapelketan. Jakina, ondoren jakiak das- tatu zituzten, marmitak garbi-garbi utzi arte.
Gaztetxoentzako ekitaldi ugari egon zen; irri ederrak egin zituzten, adibidez, apar festan eta ur globoen borrokan, eta txotxongiloen istorioak ezagutzeko aukera ere izan zuten.
Herritarren arteko olinpiadak
Txaranga eta trikitilariak ibili ziren herrian barna giroa alaitzen, dultzaineroak ere bai, eta «desafio ikaragarria eta mundiala» egin zuten. Olinpiadetan lehiatu ziren herritar ausartenak. Iluntzean, berriz, plazan elkartu ziren «barrikotea» egiteko eta kanta zaharrak kantatzeko. Zezensuzkoak txinparta gehiago atera zion berez nahiko gori zegoen jaiari.
Beroa epeltzen joango da, ordea. Txinpartak gaur gauean itzaliko dira itsasoko uretan. Jaietako azken eguna, San Inazio, bete-betea izango da: sokamuturra egingo dute goizean goiz Donibane kalean eta Santiago plazan; ondotik Konstantzia bandarekin itsas diana jo eta herrian barna ibiliko dira; eta kalejira izango da Itsas Mendiko txistulariekin. Eguerdian, batelarien desfilea aterako da Melpitik Konstantzia bandarekin. Garai bateko jantziak erakutsiko dituzte. Ohitura den bezala, nesken estropada izango da gero; mutilek patroi lanak egingo dituzte. Hamabost bat talde aterako direla aurreikusten dute, lauzpabost txandatan.
Zortzikoaren eta sari banaketaren ondotik, egindako ahaleginaren ordaina jasoko dute batelari guztiek: bazkaria izango dute Yola elkartean.
Bestalde, Kanpanolue taldeak animazio itzela ekarriko du plazara. Joko alai, fresko eta jostagarriak proposatuko ditu haur eta gaztetxoek parte har dezaten. Puzgarriak eta askaria ere izango dituzte. Geroago, dantzatzeko aukera izango dute Lotxo taldearekin.
Gazte eta helduek, berriz, danborrak astinduko dituzte badian Pasai txarangak lagunduta. Ondoren, Zamorano Caballer etxearen su festak argituko du Pasai Donibaneko zerua, eta danborrada aterako da berriro, jaien azkeneko doinuak jotzeko. Uztailaren 24an abiatutako festei amaiera emateko, ikurrina jaitsiko dute eta Santiago plazan bilduko dira. Ez da musikarik eta dantzarik faltako.
Herriko plazan elkartu ziren gauerdian, eta espetxean eta erbestean diren euskal herritarrei omenaldia egin zieten. Aurreskua dantzatu zieten, eta Oihergi taldeak kontzertua eman zuen.