GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Ino Galparsorori ongietorria

Alkatea eta herritarrak, elkarri eskerrak eta txaloak

Ez da aspaldi honetan aukera askorik izan gisa honetako ekitaldi bat ospatzeko; horregatik akaso arrasatearrek ez dute Ino Galparsorori, beren alkateari, ongietorririk beroena eskaintzeko okasioa galdu. esker-tzeko hitzak baino ez zituen izan berak, eta lanari gogotsu ekinez zorrak kitatzeko asmoa erakutsi zuen.

p013_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Ez dela malkoak erraz isurtzen dituen horietakoa, hori esan du berak, Ino Galparsorok, baina atzo lanak izan zituen begiek gainezka ez egiteko. Ez da gutxiagorako, bera alkate aukeratu zuten herritarrek bihotz-bihotzez ongietorri hunkigarri prestatu baitzioten.

Ikurrin artean, bere udal taldeko kideak alboan hartuta sartu zen gainezka zegoen Arrasateko plazan. Segituan maitasun keinuak, «Aupa Ino!» oihuak.

Taula gainera igota, txaloka bera ere, herritarren txaloak txalotuz. «Alkate izateak ez zaitu honetarako prestatzen», onartu zuen.

Txalapartariak, bertsoak, dantzariak, abestiak... Umoreari tartea ematea ere ezinbestekotzat jo zuten, eta oparien txandan irribarre ugari izan ziren tartean, herrigintzan jarduten duten taldeetako ordezkariek aterki bat eman ziotenean: «Makila bat erostea pentsatu genuen, baina herriaren bozak dituenak ez du aginte makilarik behar». Egokia iruditu omen zitzaien aterki bat erostea, «bereziki komunikabideetatik eta Auzitegi Nazionaletik babesteko». Inok etekin ona ateraz gero, «patentatzeko asmoa» ere adierazi zuten. Irribarre artean udal taldeko kideak ere, opariekin, hondartzara joateko «kit» osoa oparitan ematean kasu.

Oparien ostean Xabier Zubizarreta alkate ohi eta lagunak hartu zuen hitza Galparsorori ongietorria eman, eta bere atxiloketa gogor salatzeko. «Inongo oinarririk ez zuen salaketa bat asmatu, eta herriko alkatea bahitu egin ziguten eta espetxean sartu; eta hori gutxi balitz Arrasate zikintzen saiatu dira: zentsura mozioa ahaleginak, mozio etikoak, hedabideen bidez egindako erasoak...», kritikatu zuen. Bere esanetan, atxiloketaren helburu nagusia «ezker abertzalea zigortzea, makurraraztea, isilaraztea, mapa politikotik at uztea» zen «Euskal Herrian gero eta indartsuago bihurtzen ari den aukera politiko bati, erabakitzeko eskubideari eta independentziaren aukerari bidea itxi nahi izatea», jarraitu zuen.

Nabarmendu zuenez, oinarrizkoa da elkarrizketaren eta akordioaren bidera itzultzea eta horretan jardungo dutela aitortu zuen, «arrazoi nagusi bategatik, gure herriak hori nahi duelako». «Benetako aldaketa politikoa aldarrikatu nahi dugu, erabakitzeko eskubidea berreskuratu, independentziarako bidea ireki eta Euskal Herria nazio gisa artikulatu ahal izateko, hemen nazio bat baitago, bizirik dagoena eta askatasunean eta bakean bizi nahi duena. Hori da gure helburua, erronka eta zeregina», aldarrikatu zuen.

«Esker ona baino ez»

Emozioz gainezka zegoen Galparsorok hartu zuen hitza ondoren. «Esker oneko hitzak besterik ezin ditut izan», hasi zen esaten.

Lehenengo eta behin, Soto del Real espetxean utzi dituen kideak agurtu zituen: «Han geratu dira Mila, Karmele, Nahikari, Nuria, Oihane... Jende baliotsua, elkartasunez betea eta laguntzeko beti prest dagoena. Niri eurak lagundu didate. Eta baita ere, zergatik ez, aipatu nahi ditut La Flaca, Paqui... jende ona horiek ere, eta beti laguntzeko prest». Gogoan izan zituen halaber, espetxe berean izan baina ikusi ezin izan dituen presoak eta, «nola ez, 90 presondegi eta gehiagotan sakabanatuta dauden zazpiehundik gora euskal preso eta iheslari». Beraiei eskaini zien arratsaldeko txalo zaparradarik beroena.

Bere alde egindako ekimen guztiak eskertu zituen: «Benetan harro sentitu naiz herri moduan jakin delako ni atxilotzeak zer suposatzen zuen, eta horren aurrean tamainako erantzuna ematen jakin duelako herriak. Ziur nago hori izan dela ni askatzeko arrazoia, eta ez besteren bat». Beraren ustez gainera, erantzun itzel hau benetako porrota da, «Estatuen aldetik hautetsien kontra abiarazitako errepresio saiakeraren porrota».

Guztiei eskertzeko modurik hoberena gogor eta tinko lan egiten jarraitzea dela onartu zuen, eta bide horretan aritzeko bere konpromisoa agertu zuen, «inoiz baino gogo, indar eta motibazioa handiagoarekin» alkate lanean jarduteko.

Ekitaldia amaituta manifestazioa jendetsua abiatu zen Arrasateko kaleetan barrena «Euskal Herriak askatasuna behar du! Aski da!» leloarekin. Ondoren Uarkape pilotalekuan afaria zegoen antolatuta, ongietorria borobiltzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo