GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Elena Martínez Rubio Filosofian doktorea

Erbestearen garaitzea

Anitzak dira, izan ere, atzerriratuen bizipen eta sentipenak, eta nork bere erara egiten die aurre Gaurko atzerriratuak ere erbestea garaitzen ahalegintzen dira, jaioterriari uko egin gabe, nahiz murruz inguraturik, nahiz tropikoen arteko lurralde heze beroenetan, nahiz bazter hotz arrotzenetan

Parisen hil zen Chopin, erbestean, eta bertan datza ehortzirik. Bihotza, berriz, Varsoviara itzuli zuen arrebak, Chopinen azken nahiaren arabera, eta bertan dute aberrikideek gorderik, musikariaren oroimenari irmo lotuak.

Bizitzan jasandako erdibitze baten adierazle argia dugu hau, ia argiegia, ia erdiragarriegia. Egiari dagokiona, dena den. Zatikatze bukaezina ere, triskantza hobe esan, Chopinen sorterriak behin eta berriz pairatutakoa.

1830ko udazkeneko matxinadak atzerrian harrapatu zuen Chopin, baina poloniarren porrotararen ostean, deserriratzea erabaki zuen, milaka emakumek eta gizonek egin zuten antzera. Behin Parisen, aurreko belaunaldiko iheslariekin egin zuen topo, mende amaieran errusiar armadak azpiratutako borrokalari ohiekin, hain zuzen.

Asko eta asko izan ziren, oraingoan ere, hildakoak, edo Siberiara eramandakoak. Hura poloniar abertzaleen ezina, errusiar tsarekiko! Haiek arrangurak, solasaldi mingotsak eta aberriaren hondamenaren gaineko eztabaida amaigabeak... Chopinek ez omen zuen inoiz elkarrizketa samin haietan esku hartzen, bileretan adi-adi egoten bazen ere. Pianoren bidez ematen zien hitza, ordea, adiskideekin partekatzen zituen atsekabe eta ardura larriei. Halako eran, non Schumann musikagile alemanak «lore azpian murgildutako kanoitzat» iritzi baitzion haren musikari:

«Iparreko monarka tirano bortitzak baleki, zein mehatxu arriskutsua dagoen Chopinen musika-lanetan, hau da, bere Mazurketako molde errezetan, debekatu egingo lituzke».

Bada, hemeretzigarren mendeko poloniar kulturaren sortzaile nagusiak, jaioterritik kanpo bizi behar izan ziren. Hala ere, funtsezko ekarpena egin zioten beren herriaren borrokari, nortasuna atxikitzen eta garatzen lagunduz.

Chopinen etxean nonahiko lagunak biltzen ziren. Are abegitsuagoa izaten ohi zen bere herrikideekin. Haren poza, Poloniatik etorritakoen hizkera eta doinua aditzen zituenean! Prest egoten zen, heldu berrien kontuak entzuteagatik, hainbatetan erakutsiak zituen Pariseko ikusgai guztiak behin eta birritan erakusteko, sekula aspertu gabe.

Anitzak dira, izan ere, atzerriratuen bizipen eta sentipenak, eta nork bere erara egiten die aurre. Deserriratuak egoera berrira egozten dituena, gertakaria baino, istripu latza izaten baita. Izaera ere errotik aldarazi diezaiekeena, alegia. Min hartuak direnez, zauria eragin diena baizik ez zaielako ardura izango luzaroan. Galdu dutenaren lekua, ezerk ez duelako aurrerantzean beteko. Herriminak hartuko dituelako tarteka, tarteka ezaxolak eta etsi gaiztoak. Eta hamaika ezurte emango dute beharbada beren barneko gotorlekuan tematsu, garai bateko oroitzapen maitatuei itsastearren.

Batzutan, azala ikutu ere egingo ez dieten islada motelak besterik ez dira inguruan hautemateko gai izango. Bizirik egotea ez da, bestetan, egunen joanarekin bat etorriko. Eta une zailenetan, irudi bakarra izango dute aurrean, horman tinko iltzatua, higiezintasunaren aharrausi mingarria.

Heriotza baino lehenagoko heriotza emango du berenak, heriotza goiztiarra, horrela jarraituz gero. Zeren kanpotarrak, zulo isil batera laban egiten ari direla jabetuko dira noizbait, ezinbestez. Eta edonongo jendartera hurbiltzen hasiko dira ondoren, buruz buru ezagutu duten ebaki lazgarriaren gainetik jauzi egin eta egoerari gaina hartu arte. Biziaro berri bati lotu arte.

Bilakaera baten gorabeherak dira hauek, edo agian, beste ikuspegi batetik, ezagutzaren bidean sakontzeko aukeratzat har daitezkeen urratsak.

«Aberria... gizaki bizi bakoitzarengan gauzatzen den iraganaren eta geroaren uztartzea da... ez tiraniaz mozorroturik agertzen zaigun patuaren bortxak nahi duena; eta aberriaren muina hori izanik, nork kenduko? Berdin non gauden, ezin izango digu inork kendu», dio Gregorio Marañonek, Espainiatik kanporatutako sendagile eta idazle errepublikazaleak, «Espainiatik kanpoko espainiarrak» izeneko liburuan.

Nor bere baitan kanpotartzea baino okerragorik ez dago eta. Amets egiten ez jakitea, hots, sorgor egotea, sorlekuan egon arren:

«Gizon indartsuagoek bota zaituzte zeure herritik. Baina zer esango ote dute biharkoek haietaz eta zutaz? Ziur al daude haiek, bihar bertan hizpidean egongo direla? Esetsia denaren ahotsak, oihartzun ozenena izaten baitu epe luzean, baldin eta esetsaldiak arrazoirik ez daukanari ere ematen dion arrazoia edukitzen badaki».

Gaurko atzerriratuak ere erbestea garaitzen ahalegintzen dira munduan zehar, jatorriari uko egin gabe, nahiz murruz inguraturik, nahiz tropikoen arteko lurralde heze beroenetan, nahiz bazter hotz arrotzenetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo