GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bestetako egun handia ospatuko dute gaur beratarrek

San Esteban da gaur, ekitaldiz beteriko eguna beratarren agendan. Goizean, Gure Txokoa taldeko kideek, txistularien laguntzaz, makil dantza eta bordon dantza dantzatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, Berako Aurreskua dantzatuko dute eta bandak kontzertua emanen du. Bertzalde, euskal errepresaliatu politikoei elkartasuna adieraziko diete kalejira batekin.

p021_f03.jpg

GARA |

Bazeramatzaten beratarrek egun batzuk jai giroan sarturik. 4x4 autoen ikuskizuna eta herri kirol jaialdia izan zuten lehenbizi; Miguel Indurainen bizikleta martxa egin zuten gero; Bidasoaldeko Gazteen Folklore Jaialdia... Ostiralean Imanol Zubieta Fash Futbito Txapelketako finala eta hirugarren eta laugarren postuetarako partidak jokatu zituzten, eta Lorez apaindutako Leiho eta Balkoi Lehiaketako sariak banatu ere bai. Gau hartan ireki zituzten txosnak ere, txalaparta eta bertsoak lagun.

Atzo eguerdira arte, ordea, ez zioten bestei ofizialki hasiera eman. Julen Zelaietak, Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi duen lehenbiziko herritarrak, izan zuen metxari su emateko ohorea, eta Kultur Batzorde osoaren izenean egin zuen, batzorde honetan lanean aritzen baita Zelaieta, jaiak eta urte osoko kultur egitaraua osatzen.

Suziriarekin batera piztu zen bestarako gogoa ere. Plaza jendez gainezka zegoen. Adin guztietako lagunak bildu ziren, zapi gorriekin eta kolore guztietako blusekin, jaiei hasiera emateko asmoz. Ezkilak jo zituzten eta goxokiak banatu zizkieten txikienei. Plaza saltoka hasi zen Izadi txarangaren eta Ezpelur gaiteroen erritmora.

Barreneko poza askatuz

Pixkanaka-pixkanaka udaletxeko plaza hustu, eta bestalariek karrikaz karrika egin ohi duten ibilbideari ekin zioten erraldoi eta buruhandiekin batera. Saltoka eta dantzan ibili ziren barruko poz guztia askatzen, tarteka ostaturen batean geldialditxoa eginez.

Txupinazoaren ondoren, makina bat gozagarri izan zuten egun osoan: plater tiroa, haur eta gaztetxoentzako jokoak, kukaña, aulki jokoak txosnetan, txistularien kalejira Illekuetatik San Esteban elizara, Gure Txokoa dantza taldearen jaialdi handia, Lasha eta Trikitake taldeekin dantzaldia... Lehenbiziko eguna berezia izan zen, jendea besta hauek iristeko irrikaz zegoelako eta asteburua izanik, inguruko herrietako lagun ugari ere etortzera animatu zelako.

Gaur, berriz, San Esteban Eguna ospatuko dute, eta hainbat ekitaldi izanen dituzte. Aurrena, txistulariek argisoinua joko dute eta Ezpelur gaiteroak herrian barna ibiliko dira doinu alaiekin bizilagunei bestarako gonbita egiten. Udalbatza, txistulariak eta makil dantzariak, Berako bandera aitzinean dutela, herriko etxetik San Esteban elizara joanen dira. Bertan, Meza Nagusia izanen da herriko abesbatzak lagunduta.

Ondotik Gure Txokoa dantza taldeko kideek, txistularien laguntzaz, makil dantza eta bordon dantza dantzatuko dituzte. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariekin ere gozatzen ahalko da.

Arratsaldean ere izanen da dantzarako eta kanturako aukerarik: seietan, Gure Txokoa dantza taldeak aurreskua dantzatuko du herriko etxeko plazan txistularien doinuekin, eta gero bandaren kontzertuak goxatuko ditu belarriak. Altzaten, gainera, fandangoa, arin-arina, Larrain dantza eta bertze herri dantza batzuk ikusteko eta dantzatzeko aukera izanen da Ezpelur gaiteroen erritmoekin. Eta Tximeleta taldeak ere gorputz guztiak dantzaraziko ditu. Atsedenaldian, herriko makil dantzak izanen dira ikusgai txosnetan.

Jaia eta aldarrikapena eskutik helduta joan ohi dira. Hala, euskal preso eta iheslari politikoei elkartasuna adierazteko asmoz, kalejira eginen dute Mukixu zubitik Altzateko plazara. Bertan, senitartekoen omenaldi-elkarretaratzea izanen da.

Bestak ez du etenik izanen asteazkenera arte. Beraz, ongi pasatzeko gogoz dagoenak badu aukerarik. Herri bazkaria, gaztetxeko bazkaria, migattuak, bertso poteoa eta pilota partidak izanen dira, bertze ekitaldi anitzen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo