GARA > Idatzia > > Kultura

Katie Grahamen gospel kontzertua berrikuntza nagusi, Bermeoko Musika Astean

GARA | BERMEO

Bermeoko Nazioarteko Musika Astearen 23. edizioa gaur hasi eta abuztuaren 8an bukatuko da. Guztira, sei emanaldi izango dira eta, berrikuntzen artean, Katie Graham Ensenblek Kafe Antzokian egingo duen gospel kontzertua nabarmendu dute antolatzaileek.

Emanaldi guztiak, aipatutako gospel kontzertua izan ezik, Andra Mari elizan izango dira, 20.00etatik aurrera.

Lehenengoa Conductus Ensemblek eskainiko du, gaur bertan. Alize Mendizabal (organoa), Jesus Fernandez (tiorba), Sergio Barcellona (bioloia) eta Andoni Sierra (zuzendaria) dira taldekideak eta musika barrokoa eskainiko dute.

Katie Graham Ensemble izango da gospel kontzertuaren protagonista bihar, Kafe Antzokian, arratsaldeko 8etan. Graham behin izendatu dute Grammyetarako eta birritan, berriz, Stellar Awards sarietarako.

Abuztuaren 5ean, Naiara Garai eta Marina Hernaez soinu-jotzaileak arituko dira.

Camerata Euridice orkestrak abuztuaren 6an eskainiko du kontzertua. Ganbera orkestra da, 14 emakumez osatutakoa. Estilo ugari jorratu du, ohiko soka-orkestratik hasi eta Vienako saloi-orkestraraino.

Abuztuaren 7an, Pello Ramirez biolontxelo- eta akordeoi-jotzaileak «Haize oihalak» diskoa aurkeztuko du, Juantxo Zeberio (pianoa), Juan Jose Erauskin (biolontxeloa) eta Maider Zapirain (biolontxeloa) lagun dituela. Ramirezek berak sorturiko kantuak biltzen ditu «Haize Oihalak» lanak.

Musika Astearen azken egunean, abuztuaren 8an, Bermeoko Izaro Abesbatza izango da protagonista. Biotz Fraduaren zuzendaritzapean eta Joxe Benantzi Bilbao organo-jotzailearen laguntzarekin arituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo