GARA > Idatzia > > Ekonomia

Etxean hildako gizon baten heriotza lan istriputzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiak

Lanean zela bihotzeko mina nabaritu ostean etxean hildako gizonaren heriotza lan istripua izan zela baieztatu du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak. Ondorioz, mutuak 8.500 euroko kalte-ordaina eta alargun-saria eman beharko dizkio gizonaren alargunari.

p028_f01_148x116.jpg

GARA |

Lantokian zegoela bihotzeko mina sumatu zuen eta etxera joan zen. Geroago bertan hil zen bihotzekoak jota. Heriotza hori lan istripua dela erabaki du orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta, beraz, aseguru-etxeko mutuak kalte-ordainak eta alarguntza saria eman beharko dizkio hildakoaren alargunari.

Ebazpen horren bidez, auzitegiak bertan behera utzi du aseguru-etxeko mutuak Gizarte Arloko epaitegiak 2007ko mar- txoaren 13an kaleratutako ebazpenaren aurka aurkeztutako helegitea.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, gizona festetarako materiala banatzen duen enpresa batentzat lan egiten ari zela, 2006ko ekainaren 6an, arratsaldeko lauretan «zorabiatuta» sentitu zen.

Aipatu behar da, hori gertatu baino ordubete lehenago langileak «karga bat» egin zuela lanean. Ondoezik zegoela ikusita, lankideek ospitalera eraman nahi izan zuten, baina berak bertan geratu nahi izan zuen, bere onera etorriko zelakoan.

Etxera joan zenean, familiari bularreko mina zuela esan eta gutxira, konortea galdu zuen gizonak. Basurtuko ospitalera eraman zutenean, bihotza gelditzeak eragindako heriotza egiaztatu baino ezin izan zuten egin.

Epaiak

Bilboko Gizarte Arloko 6. epaitegiak heriotzaren arrazoia «profesionala» izan zela ebatzi zuen, langilearen ondoeza lanpostuan bertan hasi zela argudiatuta.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak mina deskarga bat egin eta ordubetera hasi zela adierazi du, eta berdin dela lan hori euskarri mekaniko batek edo beste pertsona batek lagunduta egin izana.

Epaiak azpimarratzen du lankideek ospitalera eramateko saiakera egin zutela, eta berak ezetz esan zuela, mina baretuko zelakoan. «Egoera horretan, argi dago gertaeraren amaierak lanean izan zuela abiapuntua. Gainera, esfortzu fisiko baten ostean izan zen eta hori ukaezina da, nahiz eta mutuak euskarri mekaniko batek lagunduta egin zuela esanez garrantzia kendu gura dion».

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak lotura zuzena ikusi zuen egindako ahaleginarekin, lanorduekin eta lekuarekin.

Mutuak hasieratik egotzi zion gertatutakoa «berezko patologia» bati eta, izatekotan, gaitza lanagatik larriagotu egingo zela adierazi zuen.

Kaleratu berri den epaiak mutua alargunari 8.500 euroko kalte-ordaina eta alargunsaria ematera derrigortu du .

LAN ISTRIPUA

Gizonaren heriotza etxean gertatu zen arren, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratu duen epaiak lan istripua izan zela ebatzi du, gizonaren ondoeza lanean zegoela hasi zela argudiatuta.

KALTE-ORDAINAK

Mutuak Bilboko Gizarte Arloko 6. epaitegiaren erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuen, gizonak «berezko patologia» bat zuela azalduta. Orain, kalte-ordainak eman beharko dizkio alargunari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo